Gure Eskuren egoitza nagusia izango da aurrerantzean, bileretarako eta antolaketa ikuspegitik beste ekimen batzuk garatzeko baliatuko dutena. Baina Gure Eskuko bozeramaile Josu Etxaburuk atzoko ekitaldian azpimarratu zuenez, Gure Eskuren eta Arrasateren arteko “maitasun istorioa” 2017an hasi zen, eta esker on hitzak izan zituen.
Zazpi arrazoi ekainaren 7an Bilbon egoteko
Gure Eskuk Arrasaterekin duen lotura bereziaz jardun ostean, Etxaburuk Herri Libre Bat ekimena izan zuen hizpide, ekainaren 7ko Bilboko mobilizazio nazionalarekin borobilduko dena. Zazpi arrazoi eman zituen ekainaren 7an Bilbon egoteko, Euskal Herriaren lurralde bakoitzeko arrazoi bat: herri bat izatea, elkarrekin egin behar izatea, komunitatea indartzea, erabakitzeko eskubidea, burujabetza espazioak irabazi beharra, herritarron garaia dela eta etorkizuna eraiki egin behar dela. Horrez gain, Etxaburuk azpimarratu zuen momentua orain dela eta hori ez duela bakarrik Gure Esku proiektuak esaten.
Herri Libre Bat dinamika aurkezteko saio irekiak egiten hasiak dira, eta Debagoienean bi zita izango dira aurki. Lehena Arrasaten bertan, martxoaren 10ean eta bigarrena Oñatin, martxoaren 18an.