Debagoieneko Mankomunitateak energia trantsiziorako bulegoa aurkeztu du. Dorleta Elkorobarrutia Mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, helburuetako bat eskualdeko erreferentzialtasuna handituz joatea da. "Horretarako, ezinbestekoa da herritarrengandik gertu egotea eta zerbitzu mankomunatuak eskaintzea, eta horren adibide garbia da gaur aurkeztu dugun energia bulegoa".
Hala, bihartik aurrera, herri bakoitzean bulego bat zabalduko dute eta Aintzane Iturbe izango da bulego horietako arduraduna. Aste osoan, herriz herri, dagokion bulegoan egongo da Iturbe, herritarrei informazioa eta aholkularitza ematen. Honako hauek dira ordutegiak:
Era berean, telefonoz eta e-mailez informazioa eta aholkularitza eskaera egiteko aukera ere egongo da, 747 48 51 47 telefono zenbakira deituta edota energiabulegoa@debagoiena.eus helbidera idatzita.
"Gardentasun falta handia" merkatuan
Xabier Igartuak, Mankomunitateko batzordekideak, energia merkatuan dagoen "gardentasun falta" nabarmendu du, eta zerbitzu mankomunatu horrek "argibide eta gardentasuna" eman nahi dio sektoreari, haren esanetan. "Multinazionalek agintzen duten energia sektorean, gardentasun falta handia dago, eta horrek, eragin zuzena du herritarrengan. Izan ere, energia bera, ordutegi berean erabiltzeagatik ordaintzen dena guztiz ezberdina izan daiteke. Tarifa libreen bilakaerak faktura batzuetan hiru eta lau aldiz garestiago kobratzea ere ekarri izan du kasuren batzuetan. Herritarrek informazio gardena izateko eskubidea dute, oinarrizko beharrak asetzeko modu informatuan erabakiak hartzeko".
Askotariko informazioa
Horregatik, energia bulegoaren bitartez, argindarraren edota gasaren fakturen inguruko informazioa emango diete herritarrei, baita merkatu arautuaren zein librearen gaineko xehetasunak ere. "Horrez gain, etxeko kontsumo handi bat eraikinaren egoeragatik ere izan daitekeenez, birgaitzeak izan ditzakeen onurak zeintzuk diren ere azalduko dugu, baita egon daitezkeen dirulaguntzak ere. Izan ere, bonu sozial baterako eskubidea ere badute herritarrek eta guri informatzea dagokigu", azaldu du
Bulegoak honako gai hauei buruzko arreta emango du: elektrizitate eta gas fakturetan agertzen den informazioa azaldu eta ulertarazten
laguntzea; merkatu arautuan eta librean dauden aukerei buruzko informazioa ematea; datu historikoetan oinarrituz, horniketa bakoitzari dagokion potentzia optimoa aztertzea; etxean instala daitezkeen energia berriztagarrien inguruko informazioa ematea; etxebizitzaren birgaitze energetikoari buruzko gaietan aholkatzea; eta laguntza ekonomikoak lortzeko aukerak dauden aztertzea (bonu sozialak, GLL eta bestelakoak).
Webgunea ere eskuragarri
Aurrez aurreko zerbitzuari balio erantsia eman dio Mankomunitateak, baina webgune bat ere sortu dute, eta aipaturiko informazio guztia jasoko dute bertan. "Eskualdeko makrodatuak ere badaude, energia arloan herri bakoitzaren errealitatea zein den azalduz. Trantsizio energetiko honetan, garrantzitsua da datu horiek herritarrek ere izatea".