Aurkari "nahiko serioa" zutela adierazi du partidaren ostean, Ointxe!-ko kapitain Izar Bediak, Romakuruma Mataro sailkapeneko aurreneko postuetan baitago. 25-38 heldu dira atsedenaldi luzera, eta 13 punturen aldea bazuten ere, azkenean, 18 puntuko aldearekin amaitu da norgehiagoka (51-69).
Bediak adierazi du hasiera ez dela "batere ona" izan eurendako: "Atsedenera 13 puntu azpitik heldu gara, eta hirugarren laurdena ere txarra izan da, 20 puntu azpitik joan baikara uneren batean". Dena den, lortu dute abantaila hori murriztea eta 10 puntura jarri dira markagailuan. Defentsaren lana azpimarratu du kapitainak.
Dena den, defentsaren lana balioan jartzeaz gain, azaldu du baloi asko galdu dituztela, eta erasoan ez dutela aurkitu saskiratze errazik: "Paseetan galdu ditugu baloi asko, eta, horrenbestez, baita saskiratzeko aukera asko ere". Porrot honekin bederatzigarren postuan daude.
Maila mantentzea helburu
Pontevedrako Mariscos Anton Cortegada taldearen aurka jokatuko dute datorren asteburuan Galizian bertan, eta lanean jarraituko dutela gaineratu du: "Bidaia luzea izango da, baina gogotsu gaude". Gainera, gogoratu du duela hilabete ingurutik taldeko bi baseren baja dutela: "Ea errekuperatzen ditugun".
Zazpi partidu baino ez dituzte aurretik denboraldia amaitzeko, eta ahalik eta lehiakorrenak izatea eta sailkapenean ahalik eta gorenen geratzea da asmoa.