Lau solairutan banatuta, gela bateko bederatzi apartamentu eta bi gelako hiru daude San Juan auzoko bizitokian, eta horietako bat etxebizitza egokitua da. 40 eta 60 metro koadro artean dituzte, kontsumo baxukoak dira eta guztiek dute balkoi edo terraza moduko kanpo-espazioa.
Hedatzen ari den eredu baten adibide dira, gainera, ondare publikoa aprobetxatzea eta bere erabilera herritarren mesedetan optimizatzea bilatzen duen eredu baten adibide. Hortik zuzkidura-etxebizitzak izatearena. "Horrek esan nahi du errotazioan egongo direla: alegia, gehienez bost urtez egongo direla gazteak, eta gehienez bere errentaren %30a baino gehiago ez dutela ordainduko. Emantzipaziorako neurri berezia da". Ildo beretik, Arrasateko alkateak ere balioan jarri du emandako pausoa: "Gutxi dira, baina bada pauso bat; gainera, gazteei begira. Oso garrantzitsua da ikusita zein kolapsatuta dagoen merkatua momentu honetan"
Itxasok eta Morrasek agerian utzi dute erakunde bien arteko sintonia ona dela eta jarrera berean daudela, eta aukera berri gehiagoren bila elkarlanean jarraitzen dutela adierazi dute. Izan ere, Arrasateko Udalak urtebete darama herria gune tentsionatu izendatzeko dokumentazioa prestatzen. Alokairuei prezio mugatua jartzea edota etxebizitza hutsak merkaturatzea ahalbidetuko du horrek, baina gehiago ere beharko da, eta Eusko Jaurlaritzak udalerriei lurzoruak lagatzeko egiten dien eskaera aintzat hartuta, ari dira aukera berri bat aztertzen. "Badauzkagu hartu-emanak eginda eta negoziatzen ari gara ze aukera egon daitezkeen San Andreseko terrenoak, etxebizitzak egin daitezkeenak, eurei emateko lagapenean etxebizitzak eraiki ditzaten. Hori izango da beste aukera bat gure herrian, batez ere gazteriari begira, etxebizitza eskubidea bermatzeko", azpimarratu du Morrasek.
Aurrera begirako asmoen berri emateaz bat, berriki Zerrajerako esparruan egindako esku-hartzea ere azpimarratu dute, alokairurako nahiz salmentarako eraikitako babestutako etxebizitzei erreferentzia eginez.
Gaur bisitatu dituzten Sindikatuen Etxeko zuzkidira-bizitokietarako 366 eskaera erregistratu dituzte, eta asmoa da laster esleitzea eta udarako bizitzera joateko moduan egotea. Proiektuaren aurrekontua 2 milioi eta 600 mila eurokoa izan da.
Jaiotze tasa gorantz doa Arrasaten, 22.000 biztanletik gora ditu egun, eta 1.215 dira uneotan bertan dauden alokairu eskatzaileak.