Hamabi esku-hartze, azpiegitura berdeak sustatzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ots. 20a, 11:10

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Naturklimak martxan jarritako Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsak hamabi esku-hartze finantzatu ditu 7.995 euroko inbertsioa eginda. Gaur, eguena, aurkeztu dute proiektua.

Arrasateko azpiegitura berdearen baitako proiektu bat aurkeztu dute gaur Monterronen. "Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bitartez, lankidetza publiko-pribatua sustatzen ari gara. Hau da, Gipuzkoako enpresek ekarpen ekonomiko batzuk egiten dizkigute eta, era berean, Udalek aurkezten dizkigute nolako ingurumen proiektuak dituzten", azaldu du Xabier Estebanek, Naturklimako zuzendariak.

Hamabi esku-hartze egin dituzte herriko hainbat gunetan. "Arrasateko Udalak proposatu zigun herrian dagoen azpiegitura berdearen nolabaiteko konexioa eta, horren baitan, hamabi esku-hartze txiki egin ditugu. Hala ere, txikiak bezain garrantzitsuak dira, teknika berritzaileak aplikatuta egin baititugu. Uste dugu oso proiektu indartsua dela, herrian bertan kokatutako esku-hartzeak direlako, oso eremu ezagunetan, adibidez, Monterronen", gaineratu du Estebanek. "Zerbitzu ekosistemikoak sustatzeko balio dute eta, batez ere, arrasatearren bizi-kalitatea hobetzen dute".

Hiru esku-hartze mota

Herriko hainbat gunetan egin dituzte esku-hartzeak: Monterronen, Gorostizan, Gernika pasealekuan, Musakolako kiroldegiko sarreran, Zerrajerako parkean eta abar.

Halaber, hiru esku-hartze mota egin dituzte. Batetik, baso jasangarriak egin dituzte, fruta-arbolak eta zuhaixkak landatuz elikagaiak sortzeko diseinatutako espazioak. "Fruitu jangarriak emateaz gain, eremu horiek zuhaixka-estaldura sustatzen dute, hiri-hondakinak murritzen laguntzen dute eta hainbat hegazti-espezierentzako babeslekua eskaintzen dute".

Bestetik, Miyawaki basoak ezarri dituzte. "Udalerriko hainbat gunetan landatutako baso trinko eta askotariko horiek funtsezkoak dira karbonoa harrapatzeko eta airearen kalitatea hobetzeko".

Azkenik, polinizatzaileentzako belardi floridoak jarri dituzte, "biodibertsitaterako eta landare-ekoizpenerako funtsezkoak diren intsektu polinizatzaileak erakartzeko espazioak", hain zuzen.

Halako ekimenak, "funtsezkoak"

Kepa Urteaga Arrasateko alkateordeak nabarmendu du halako ekimenak "funtsezkoak" direla klima-aldaketari aurre egiteko. "Dirulaguntza deialdia iritsi zenean, aurkeztu egin ginen, noski. Oso argi daukagu halako ekimenak ezinbestekoak direla gure azpiegiturak berritu eta herriari kolore berdea emateko".

Orain arte, hamarkadatan, "asfaltoaren hirigintza" erabili izan dela azpimarratu du Urteagak eta hori aldatzea "ezinbestekoa" dela. "Izan ere, Naturklimaren ikerketa batek dio Arrasate, klima-aldaketaren aspektu negatiboetan, hirugarren dagoen herria dela Gipuzkoan".

Gaur aurkeztutakoaz gain, beste ekimen batzuk ere baditu martxan Udalak, Urteagak adierazi duenez. "Ari gara azpiegitura berdeen mapa aurrera eramaten, baita Mugikortasun Jasangarrirako Plana garatzen ere. Ekimen guztiek lortuko dute aldaketa erreal bat gauzatzea eta honek guztiak lagundu behar digu aurrerapausoak ematen beste arlo guztietan".

Elkarlanari balioa eman diote

Jose Ignacio Asensiok, Aldundiko Jasangarritasun diputatu eta Naturklimako presidenteak, eragileen arteko elkarlanari eman dio balioa. "Klima-aldaketaren aldeko borrokan, ez dago ekimen txikirik eta guztiak dira garrantzitsuak. Halako ekimenak beharrezkoak dira babesleku klimatikoak sortzeko eta elkarlana nabarmenduko nuke", azaldu du. Urteagak ere ildo beretik jo du. "Aldundiarekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da, guztion onurarako". 

Era berean, Arrasateko proiektua ere goraipatu du Asensiok. "Herritarren bizi-kalitatea hobetzea dagokigu eta, etorkizunera begira, halako ekimenak geroz eta gehiago egin behar ditugu. Arrasaten egindakoa oso adibide ona da. Hori dela eta, Udalak aurkeztutako proiektua goraipatu gurako nuke. Guk, noski, ekonomikoki babestu dugu proiektua, 8.000 euro jarrita".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak