Partidua hasi bezain pronto hautsi dute norgehiagoka etxekoek; izan ere, defentsan gogor arituta, lehenengo hamar minutuetan hiru puntu besterik ez dizkie sartu Burgoseko taldeak. Defentsa on batek eraso on bat dakarrela esan ohi da, eta hori berretsi dute arrasatearrek, lehenengo laurdenaren amaieran 18-3 aurretik baitziren.
Hortik aurrera, aurkariak saiatu dira markagailuko tartea txikitzen, baina arrakasta handirik gabe. Are gehiago, Julen Berrocalenek aldea handitzea lortu eta 39-23koa ezarri dute atsedenaldiaren aurretik. Bigarren zatian, ezer gutxi gehiago. Grupo de Santiagok irabazi ditu azkenengo bi laurdenak, baina ez da nahikoa izan Iturripen garaipena lortu ahal izateko.
Datorren asteburuan Santanderreko Blendio taldearen kantxa bisitatuko du Mondragon Unibertsitateak, gaurko garaipenari jarraipena emateko eta, poliki-poliki, goiko postuei begira jarri ahal izateko.