Markagailuak bi taldeen arteko aldea handia dela erakusten badu ere, Ointxe!-koek bazekiten partida zaila izan zitekeela; izan ere, lehenengo itzuliko partiduan 63-46 galdu zuten Kataluniako taldearen etxean. Bada, parekatua izan da aurreneko laurdena, arrasatearren hiru hirukoei etengabe erantzun baitio Marina Serra kataluniarrak beste hirurekin. Bigarren laurdenean defentsa sendotu eta erasoan eraginkor aritu dira David Peñarenak, eta azken segunduan Naia Badiolak sartutako hiruko batekin 21 puntuko abantaila lortu dute arrasatearrek atsedenaldian (50-29).
Aldageletatik bueltan kosta egin zaie arrasatearrei, eta Torderak lortu du markagailuko tartea txikitzea. Hala ere, egoerari buelta ematea lortu eta zailtasun handirik gabe lortu du Ointxe!-k partidua irabaztea.
Datorren astean Balear Uharteetara egingo dute bidaia arrasatearrek, Andratx taldearen aurka jokatzeko.