Arrasateko Aprendices kalean La Caixaren jabetzako 148 etxebizitza daude, babes sozialekoak, eta etxebizitza horiekin espekulatzea leporatu diote aurrezki kutxari.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide Unai Ibarrak adierazi duenez, hiru arrazoi daude La Caixaren jarrera salatzeko. "Hasteko, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga maizterrei inposatzen die La Caixak eta hori ezin da egin, jabeak ordaindu beharko lukeelako, hau da, La Caixak berak. Bestalde, mantentze klausula bat ere ezartzen die bizilagunei eta etxebizitza horietan inork ez du mantentze lanik egiten. Azkenik, iazko udan kontratuaren prezioa igo zuen La Caixak, tranpa legal bat eginez, bizitza garestitu dela argudiatuz eta bizilagunei ezer esan gabe".
Ekaitz Menor arrasatearrak hamar urte daramatza etxe horietan bizitzen eta aurrezki kutxarekin izan duen esperientzia deitoragarria dela nabarmendu du. "Hainbat arazo izan ditugu eta inoiz ez dute ezer egin horiek konpontzeko. Adibidez, bitrozeramika apurtu zitzaidan eta esan zidaten hori ez zela haien arazoa; nik konpondu eta ordaintzeko. Hori ordaintzea La Caixari dagokio, hura baita etxearen jabea", dio.
Bestalde, erreklamazioak jarri arren, garajeak "oso egoera txarrean" daudela ere salatu du, arrakalekin, besteak beste. "Eskatzen duguna da ez gaitzatela abandonatu eta dagokien ardura har dezatela".
Era berean, salatu du duela egun batzuk fatxadatik harri bat erori zela eta inork ez duela ezer egin. "Eremua hesituta dago eta erreklamazioa jarri nuen, baina ez didate erantzuten. Gero, gainera, esaten dute ez dutela kexarik jaso eta hori gezurra da. Guk erregistratuta ditugu erreklamazio guztiak".
Mobilizatzen jarraituko dute
Abenduan elkarretaratze bat egin zuten bizilagunek, egoera salatzeko, eta sindikatu sozialistatik azpimarratu dute mobilizatzen jarraituko dutela, herritarrek horren berri izan dezaten. "Izan ere, hemen 148 etxebizitza daude eta asko dira gehiegizko klausulak jasaten dituztenak. Ezin dugu hori onartu".