Zerrajerako malda egonkortzeko lanak hasi dituzte

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urt. 21a, 18:04

Inacces Geotecnica Vertical S.L. enpresako langileak dagoeneko hasi dira malda egonkortzeko lanetan. Proiektua idatzi duena eta obra zuzenduko duen enpresa, berriz, Ikerlur Ingenieria Geotecnica da. Ondo bidean, otsail bukaeran amaituko dituzte lanak. Obraren aurrekontua 91.372,58 eurokoa da (BEZ barne).

Duela urtebete gertatutako lur-jausiaren ondoren, hasi dituzte Zerrajera kaleko malda egonkortzeko lanak. Hala, eremu bakoitzaren maldak duen arriskuaren araberako barrerak jarriko dituzte, ustezko erorketei muga jartzeko. Kepa Urteaga, Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak azaldu duenez, lau esku-hartze mota egingo dituzte.

Batetik, bi tartetan barrera dinamikoak jarriko dituzte, maldatik etor daitekeen materiala geratzeko asmoz. "Segurtasun barrera nagusiena da hori, maldaren inklinazioa handia denean eta arriskua egon daitekeenean materiala espaloira ez erortzeko", azaldu du zinegotziak. Batak 54 metroko zabalera izango du eta besteak 24 metrokoa.

Halaber, malda txikiagoa den lekuan, egurrezko barrerak jarriko dituzte. "Supermerkatu aurrean, esaterako, malda oso leuna da eta zati hori egonkortzeko bioingeniaritza sistema erabiliko da. Hiru hesi jarriko dituzte, bakoitza hamasei zutoinez osatutakoa. "Zurezko zutoinek Gewi barra biribil bat izango dute barruan, 40 milimetrokoa, eta barrak hesiaren egonkortasuna eta erresistentzia bermatuko ditu, lur-jausien eraginaren aurrean", dio Urteagak.

Egurrezko barrerak.

Horrez gain, apenas maldarik gabeko tarte batean, areka bat egingo dute, eta landaredia landatu arekaren eta hormatxoaren artean.

Era berean, hesi metalikoa jarriko dute hormigoizko eustorma altuaren buruan. "Altura jakineko bi hesi estatiko egin behar dira, espaloitik oso gertu dagoen lekuetan edo altura jakin bateko horma baten gainean, lur-jausi txikiak espaloira iristea saihesteko. Hesi hauek bi metro eta bi metro eta erdi arteko altura izango dute".

Kulturola atzealdean dauden hesiak. Horrelakoak jarriko dituzte.

Azkenik, euri urak jaso eta bideratzeko kanalizazio lanak ere egingo dituzte, "aurrerantzean lur-jausiak edo antzeko arazoak saihesteko".

Hondakinak daude maldan

Inguru horretan, Union Cerrajera lantegi zaharraren hondakinak daude oraindik eta, beraz, hondakin horiek ere erretiratuko dituzte. "Prozesu zaila da, makinek ezin baitute lurrean lan egin, maldaren inklinazioagatik. Beraz, lana eskuz edo garabien laguntzaz egin beharko da", azaldu dute.

Lanak, urtebeteren ostean

Urteagak azaldu duenez, lan burokratiko handia izan duen prozesua izan da. "Lursail batzuk Udalarenak dira eta beste batzuk, Aldundiarenak. Harreman hori luze joan da, baita proiektuaren idazketa ere, lurraren konplexutasunagatik". Kontuak kontu, lanak martxan dira eta aurreikuspena da otsail amaieran espaloia irekita egotea, "urtebete honetan hazi diren belar guztiak garbitu eta txukundu ostean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak