Otsailaren 22an jokatuko dute First Lego League Euskadi-Mondragon lehiaketako finala, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan. Gaur aurkeztu dute finala eta han izan dira Maider Morras Arrasateko alkatea, Nekane Errasti MUko Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritza koordinatzailea eta ikertzailea, Maite Legarra Mondragon Korporazioko erakarpen eta talentu garapeneko kidea eta Nagore Lauroba boluntarioa.
Arrasateko alkateak adierazi duenez, Arrasateko unibertsitate zein enpresa ezagutzari balioa ematen dio lehiaketak eta, bestetik, teknologia talentuaren hiri bilakatzen du Arrasate. "Gainera, modu sortzaile eta dibertigarrian, teknologien eta berrikuntzen mundura sartzeko aukera ematen die gazteei".
Errastik azaldu duenez, talde kopurua hazi egin da aurten: "27 talde izango dira challenge kategoriakoak, 10 eta 16 urte artekoak eta beste 17 talde explore kategoriakoak, 6 eta 10 urte artekoak. Guztira 43 talde dira eta orain arte 35 talderen bueltan ibili izan gara. Beraz, hazkundea egon da eta hori nabarmendu gurako genuke. Urtez urte hazten ari den lehiaketa bat da". Hala, 800 bat lagun batuko direla aurreikusten dute, 350 ikasleak eta haien gurasoak kontuan izanda.
Gaia itsas azpiko bizitza izango da eta, Lego piezez eraikitako robot batekin, robot jokoak planteatzen dituen erronkei aurre egin beharko diete ikasleek. Submerged erronkaren bidez, ozeanoak nola eta zergatik esploratzen dituzten ikasi dute, teknologia modu sortzailean erabiliz. "Oso esanguratsua eta desberdina da gaia, beste batzuekin alderatuta. Hasiera batean, badirudi teknologiatik urrun egon daitekeela, baina hor dago gakoa. Ikasleek bilatu behar dute non dagoen desberdintasun hori eta nola egin dezaketen teknologiak lagun dezan itsas azpiko bizitza hobetzeko", nabarmendu du Errastik.
Boluntarioei deialdia
Finala jai handia izatea nahi dute beste behin eta horretarako talde, pertsona, ikastetxe, laguntzaile eta bestelako eragileen laguntza beharrezkoa dela nabarmendu dute. "Jardunaldiak egoki funtzionatzeko behar beharrezkoa da boluntarioen laguntza, eta zurea ere ongietorria izango da", dio Errastik.
Halaber, askotariko lanak egingo dituzte boluntario horiek: arbitroek, roboten jolasa kontrolatuko dute; epaileek, taldeen lana baloratu eta sariak erabakiko dituzte; floater-ek, taldeei laguntza emango diete hitzordu ezberdinetara garaiz iristen direla bermatzeko; zientzialariek, FLL Junior taldeen lana baloratu eta lorpenak zorionduko dituzte eta timekeeper eta scorekeeper-ek, mahai-jokoaren software-a eta partiden iraupena kontrolatuko dituzte; eremuen arduradunek, azkenik, lehiaketaren eremuak kontrolatuko dituzte, taldeek prozesu osoaz gozatzen dutela bermatzeko.
Nagore Lauroba da boluntario aritu izan denetako bat eta esperientzia aberasgarria dela dio. "Lehia baino gehiago, jai bat izaten da. Nik floater bezala hartu izan dut parte, taldeak toki batetik bestera eramaten. Izan ere, hainbat gune daude: atseden hartzeko, entrenatzeko, jokatzeko, aurkezpenak egiteko eta abar. Ikasleak oso motibatuta etorri ohi dira eta oso polita izaten da han egotea eta haiei laguntzea", azpimarratu du.
Zientzia eta teknologia sustatzea helburu
Gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak modu praktikoan eta dibertigarrian sustatzeko erreferentziazko hezkuntza-programa da First Lego League eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta EHUk antolatzen dute nazioarteko hezkuntza-programa hau Euskadin.
Arrasateko ekitaldiak Arrasateko Udalaren eta Mondragon Korporazioko hainbat kooperatibaren babesa izango du: Ausolan, Danobatgroup, Erreka, Fagor Taldea, Ikerlan, Krean, Laboral Kutxa, LKS Next, Lortek eta Maier.