Orbik Cybersecurity, Mondragonen barruan sortu den lehen 'start-up' kooperatiboa

Goiatz Arana Begiristain 2025ko urt. 20a, 15:43

Korporazioak eta Ikerlanek sustatu nahi duten "enpresa teknologiko kooperatiboen eredu aitzindari baten bide-erakuslea" da Orbik Cybersecurity. Start-up kooperatibo berriak sortu gura dituzte eta, horretarako, hamar milioi euro mobilizatuko dituzte, datozen lau urteetan.

Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Orbik Cybersecurity 2023aren hasieran sartu zen industria-zibersegurtasunaren merkatuan, produktu elektronikoei lotuta. Orain, kooperatiba bihurtzen den lehen start-up teknologikoa izatera pasa da, ekintzailetza teknologikoko modu berri baten eredu bihurtuz. Mondragonek eta Ikerlanek sinatutako hitzarmen baten esparruan -eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin- eman du pausoa, eta helburua da bide-erakusle izatea: erakunde sinatzaileek start-up kooperatibo berriak sortu gura dituzte eta 10 milioi euro bideratuko dituzte helburu horretara, datozen lau urteetan.

Goizean formalizatu dute Orbik Cybersecurity sozietate mugatua kooperatiba bihurtzeko prozesua, Ikerlan zentro teknologikoak Arrasaten duen egoitzan egindako ekitaldi batean. 2024an 24 profesionaleko lantaldea izatera eta 700.000 euro fakturatzera ailegatu da eta, 2025ean, ekipoa eta diru sarrerak -biak- bikoiztu nahi ditu.

Salvador Trujillo, Mikel Jauregi, Ion Etxeberria eta Pello Rodriguez.

Balio kooperatiboetan oinarritua

"Orbik Cybersecurityrekin eta datozen urteetan Euskadin eraiki eta errotu nahi dugun ekosistemarekin, erakutsiko dugu posible dela abangoardiako berrikuntza eta teknologia konbinatzea eredu ekonomiko iraunkor batekin, balio kooperatiboetan oinarritua, epe luzerako ikuspegiarekin, eta gure inguruan kalitatezko enplegua eta aberastasuna sortzeko gai izateaz gain, modu solidarioan banatzeko ere gai dena", adierazi du Ikerlaneko zuzendari nagusi Ion Etxeberriak. Eta xehetasunik eman ez duen arren, Etxeberria ziur agertu da 2025eko lehen hiruhilekoan Ikerlaneko start-up berri batek Orbik Cybersecurityren bide bera egingo duela.

"Ilusio bereziarekin"

Pello Rodriguez Mondragoneko presidenteak, bere aldetik, Orbik Cybersecurity kooperatiba bilakatzea korporazioan "ilusio bereziarekin" bizi izan dutela onartu du eta eskerrak eman dizkio Ikerlani, "prozesuan erakutsi duen ausardiagatik eta koherentziagatik".

Lankidetza publiko-pribatua

Mikel Jauregik, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, balioan jarri ditu Orbiken ezaugarriak: "Etorkizuneko industria digitala da, berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustua egiten du, eta ezaugarri horiek biltzen ditu Orbikek. Baina, gainera, Euskadin oso gurea den zerbaiten forma hartzen du, kooperatibarena, non langile guztiek berezkotzat sentitzen duten enpresa, eta modu kolektiboan egiten duten arraunean, helburu komun baten atzetik". Gaurkoa jauzi kualitatibotzat jo eta lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratu du: "Gaur, jauzi kualitatibo bat egin dugu, oinarri teknologikoko ekintzailetzatik abiatu eta enpresa gisa finkatzeko proiektu batekin. Proiektu horren helburua da balio-kateko enpresak bultzatzea eta inguruan garapen ekonomikoa eta enplegua sortzea. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzaren, Mondragonen eta Ikerlanen arteko lankidetza publiko-pribatua funtsezkoa da gure herrialdeak aurrean dituen etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izateko”.

"Etorkizun handiko enpresa"

Orbik Cybersecurity kooperatibako zuzendari nagusi Salvador Trujillok gehitu du ziur dagoela Orbik Cybersecurity etorkizun handiko enpresa dela, eta datozen urteetan arrakasta partekatu gehiagoz hitz egiten jarraituko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak