Polmetasako lurretan babes ofizialeko 66 etxebizitza eraikitzea gura du EAJk

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urt. 7a, 15:45

Lursail hori udal jabetzakoa da, eta jeltzaleek Udal Gobernuari eskatu diote Eusko Jaurlaritzari uzteko, hark babes ofizialeko etxebizitzak eraiki ditzan. Era berean, Mesedeetako Ikastetxea izandakoan beste 65 bizitoki eraikitzea ere gura du EAJk.

Arrasateko EAJk "aukera paregabea" ikusten du Arrasaten 131 etxebizitza eraikitzeko. Horretarako, batetik, Polmetasako lurrak Eusko Jaurlaritzari uzteko eskatu diote Arrasateko Udal Gobernuari, han babes ofizialeko 66 etxebizitza egin ahal izateko –gaur egun aparkalekuak hartzen duen espazioa izango litzateke etxebizitza horiek hartuko luketena–.

Bestetik, Mesedeetako Ikastetxea izandakoan 65 zuzkidura-apartamentu egitearen aldeko apustua ere egin dute, cohousing proiektu bat eginda. "Horretarako, lehenengo urratsa Udalak eraikin hori tasatu eta erostea izango litzateke, ondoren Eusko Jaurlaritzarekin apartamentu horien eraikuntza negoziatu ahal izateko. Uste dugu pauso hori ahalik eta azkarren egin beharko lukeela Udal Gobernuak", adierazi du Ander Garayk, Arrasateko EAJren bozeramaileak.

Etxebizitzarena "benetako arazo bat" dela uste dute jeltzaleek. "Gazteak inoiz baino beranduago emantzipatzen dira eta horri irtenbideak bilatu behar zaizkio", dio Garayk. "Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak adierazi du babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurrak lehenbailehen eduki behar direla eta udalerriek dituzten lurrak uzteko, etxebizitzak eraikitzeko. Horrekin bat egin dugu".

Lursail hori edukita, "aukera bikaina" dela uste du Garayk etxebizitzak bertan eraikitzeko. "Nabarmentzekoa da etxebizitza mota horren eskaria %43,6 hazi dela eta agintaldi honetan Udalak oraindik ez du lurzorurik eskaini babestutako etxebizitzen sustapen berriak eraikitzeko. Bada garaia horretarako".

Azken batean, "azken bi agintaldietan egindakoaren jarraipen bat" eskatu dute jeltzaleek. "Azken bi agintaldietan, EAJ eta PSE-EE Gobernuan zeudela, babes ofizialeko bi etxebizitza bloke egin zituzten. Batetik, Txaetan 187 etxebizitza eraiki zituzten, 63 salmentakoak eta 121 alokatzekoak. Garibain, berriz, hamabi zuzkidura-bizitoki egin dira. Horri jarraipena eman gurako genioke". Horren harira, aipatzekoa da Garibaiko etxebizitza horietarako prozeduran izena eman daitekeela urtarrilaren 20ra arte.

Lursaila dohaintzan emango duela dio Gobernuak

Udal Gobernuak erantzun du esanez 2025eko aurrekontuek aurreikusita dutela, hain zuzen, Polmetasako lursail hori dohaintzan emateko aukera. "Izan ere, dohaintzaren aukera negoziatzeko asmoa erakusteko, Gobernuak ez du diru-sarrerarik aurreikusi lursail horren salmentan. Dena den, dohaintza ez da edonolakoa izango, eta baldintzak puntuz puntu negoziatzeko asmo garbia dugu", gaineratu du.

Mesedeetako Ikastetxeko planteamenduari buruz, halaber, zera dio Gobernuak: "EAJ jakitun da Udal Gobernua gai horretan lanean ari dela, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin dagoeneko bi bilera egin ditugu. Bilera ezberdinetan Arrasateko Udalaren izenean izan dira Maider Morras alkatea, Jasone Giraldo Ongizate zinegotzia eta Garazi Etxeberria Hirigintza zinegotzia. Aldundiaren ordezkari bezala izan da, beste teknikari eta zuzendarien artean, Maite Peña gizarte politiketako diputatua. Mesedeetako Ikastetxea izan zen eraikinaren bideragarritasuna aztertzeko hitzordua izango dute Arrasateko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak otsailean".

Etxebizitza alorrean, halaber, Udal Gobernuak gogorarazi du "etxebizitza politiketan emandako atzerapausoak eten, eta etxebizitza politikak berreskuratzen" ari dela. Hala, azaldu du, esaterako, Arrasate Bizitegi-Merkatuko Tentsio Handiko Eremu bezala izendatzeko lanak abiarazi zituela 2024ko urrian eta diagnosiaren zein ekintza planaren berri emango duela aurreratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak