ALBISTEAK

Santamasez kalean eta baserritar jantzita gozatzeko deia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko abe. 20a, 12:25

Heldu da arrasatearrendako urteko egunik kutunena, hemen dira santamasak. Abenduaren 22an kalera baserritar jantzita irteteko dei egin dute Santamas Komisiñoko kideek, eta lehen gonbita, aurtengo Gurutze txerria ezagutzea izango da; Herriko plazara etorriko da Gurutze hilaren 21ean (19:00) eta hilaren 22an, berriz, Portaloian egongo da (10:00).

Urte osoan zehar baserrian lasai egotera ohituta egonda, kezka puntua badauka Alberdik Gurutze-k nola eramango duen kalera jaistea eta horregatik herritarrei, ahal den heinean behintzat, lasai uzteko eskatu die. Txerria bera eta ganadua, oro har, zaindu dezatela da baserritar gaztearen aholkua.

Urteko azoka handiena

Urteko azoka handiena biziko dute arrasatearrek eta bisitariek domekan. Lau gune izango ditu feriak: Seber Altube, Biteri, Jokin Zaitegi eta Jose Maria Arizmendiarrieta plaza. Seber Altube plazan fruta, barazki eta herriko saltokien azoka egongo da; Jose Maria Arizmendiarrieta plazan 27 ganadu-postu egongo dira; Jokin Zaitegi plazan, 38 artisau-postu jarriko dituzte eta aurten plazan egongo dira artisau-postu guztiak, Biteri kalean ere jarri gabe–; eta, amaitzeko, Biteri plazan Euskal Herriko askotariko produktu gastronomikoak erosteko aukera egongo da.

Bestalde, herri kirolen erakustaldia Zaldibarko frontoian egingo dute aurten ere, 12:30ean hasita. Ondoren helduko da eguneko une berezienetako bat, 13:45ean, herri osoa dago-eta deituta Herriko plazan Txerri dantza dantzatzera. Ondoren etorriko dira Musakolako kiroldegiko herri bazkaria eta Uarkako pilotari profesionalen partidua; bietarako di-da baten agortu ziren sarrerak.

Avanza-ko langileen greba

Autobus zerbitzuari dagokionez Avanzako langileek deitutako grebak zuzenean eragingo die kanpoko bisitariei, zerbitzu minimoak bakarrik egongo direlako. Era berean, santamasetako eguneko egitarauan ere eragingo du grebak, Komisiñoak Musakolako herri bazkarira joateko antolatu ohi duten lotura-autobus zerbitzurik ez delako egongo. Donostiko, Bilboko, Gasteizko eta Arrasateko Avanzako langileen batzordeetan atzo arratsaldean egin zuten bozketa eta grebarekin jarraitzea bozkatu zuen langileen %65ak gutxi gorabehera. Eskaerak eskaera, bereziki Debagoieneko egoera tamalgarria dela diote. Santamasetako herri bazkarirako lotura autobusik ez, baina sagardo kupela jarriko dute kiroldegian lehen aldiz.

Indarkeria matxistari aurre egiteko zerbitzu berezia

Bestalde, indarkeria matxistaren prebentziorako eta sentsibilizaziorako informazio gunea jarriko dute Arbolapetan, 20:00etatik 00:00etara eta eraso matxisten aurreko arreta eta esku-hartze puntua ere jarriko dute Gazte bulegoan eta irekita egongo da gaueko 00:00etatik 08:00etara. Gainera, jaietarako propio, "arreta telefono" zerbitzua egongo da abenduaren 22ko 20:00etatik 08:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak