48,3 milioi euroko aurrekontua onartu du Arrasateko udalbatzak 2025erako

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko abe. 20a, 10:17

Bi ordu iraun du besteak beste 2025eko udal aurrekontua onartzeko egin duten ezohiko osoko bilkurak. EAJk sei emendakin aurkeztu ditu baina ez dute aurrera egin; beraz, aurka bozkatu dute jeltzaleek. Alderdi Sozialistak, aldiz, aurrekontuari baiezkoa eman dio, agintaldi honetan lehen aldiz.

48,3 milioi euroko aurrekontu proposamena egin zuen azaro bukaeran EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren Udal Gobernuak, eta udalbatzak oniritzia eman dio proposamen horri.

Joseba Ezpeleta Ogasun zinegotzia izan da berba hartu duen lehena, Gobernu Taldearen proposamena azalduz eta argudiatuz. Besteak beste, adierazi du negoziaketarako egutegia "zorrotz" bete dutela eta jeltzaleekin adostasunik lortu ez izana deitoratu du. "Zoritxarrez, EAJrekin ez dugu lortu adostasunik eta, egia esan, aukera errealak zeuden, iaz bezala; hala ere, iaz bezala, aurten ere ez dugu lortuko".

Joseba Ezpeleta, berba egiten.

Jeltzaleen bozeramaile Ander Garayk zera erantzun dio: "Irekita geunden negoziaketarako. 25 emendakinekin hasi ginen eta sei emendakin ekarri ditugu osoko bilkurara. Gainera, sei horietan aukerak zeuden akordioa lortzeko, baina ez dituzte onartu eta, beraz, aurka bozkatu dugu".

Ander Garay, emendakinak aurkezten.

Sozialistek, aldiz, baiezkoa eman diote aurrekontuari, agintaldi honetan lehen aldiz. Johanna Sanchez zinegotzi sozialistak negoziaketaren "tonu positiboa" nabarmendu du. "Proposamen batzuk ekarri genizkion Gobernuari eta tonu positiboan negoziatu dugu. Ideia onak ekarri genituen eta haien ideiak ere onak iruditu zitzaizkigun; azken batean, nahiko antzerakoak ziren". Edozelan ere, adierazi du "adi" egongo direla euro bateko partida horiek diruz hornitzen diren ala ez ikusteko. "Nahi dugu partida horiek ere gauzatzea".

Johanna Sanchez eta Aritz Murua sozialistak.

Elkarrekin Arrasateko zinegotzi Eva Abuin, azkenik, ez da bilkuran egon, ama izan berri delako, eta Maider Morras alkatearen esku utzi du bere botoa.

Sei emendakinek ez dute biderik egin

Jeltzaleek, esan moduan, sei emendakin aurkeztu dizkiote aurrekontu proposamenari: gobernuz kanpoko erakundeentzako dirulaguntza handitzea; Harremani eta Mundukideri dirulaguntza zuzena 10.000 euro handitzea; Udala goikoa urbanizatzeko proiektura 500.000 euro gehiago bideratzea; Gorostizan igogailu sistema egiteko partida sartzea; Musakolako kiroldegi berria egiteko partida sortzea, 500.000 euroko partidarekin, eta proposatutako egutegiarekin; eta Gorostiza auzoko lorezaintza proiektua.

Sozialistek seiak babestu arren, EH Bilduk aurka bozkatu du guztietan. "Modu batera edo bestera, aurrekontuan txertatuta daude. Hasiera batean, jeltzaleek zituzten proposamen batzuk oso urrun zeuden errealitatetik, epeei dagokienez", dio EH Bilduren bozeramaile Kepa Urteagak.

Bederatzi milioi euro inbertsioetarako

Onartu berri duten aurrekontuak 9.066.929,25 euroko inbertsioak aurreikusten ditu. Halaber, lau proiektu nagusik euro bateko "partida sinbolikoa" dute aurrekontuan, eta 13 milioi euro inguruko gerakinaren bitartez finantzatuko dira, urtean zehar diruz hornituta. "Proiektuak idazten ari dira orain, eta behin horiek definitutakoan jakingo dugu obra horietara bideratu beharreko diru kopuru zehatza". Udala auzoko goikoa urbanizatzea, Grupo San Juan urbanizatzea, Iturripen kiroldegi berria egitea eta Amaia antzokia eraberritzea dira lau proiektu horiek.

100.000 euro baino gehiagoko inbertsio batzuk:

  • Santa Teresa auzoko urbanizazioa 2.872.167,69 €
  • BAZ-eko bulegoak berritzea 500.000,00 €
  • Ferixalekuko bi igogailuak berritzea 292.000,00 €
  • Argiteria publikoa LED sistemara berritu 500.000,00 €
  • Santa Marinako biblioteka handitu eta berritu 135.000,00 €
  • Erguineko Herri Eskolako teilatua konpontzea 365.000,00 €
  • Bedoñabe eskolako patio berria egitea 100.000,00 €
  • Ludoteka eta gaztetxokoko inbertsioak 132.000,00 €
  • San Andreseko Gaztetxoko berria egitea 168.500,00 €
  • Santa Barbarako haur parkea 100.000,00 €
  • Bidegorriak egitea 350.000,00 €
  • Hirigintza taktikoa 100.000,00 €
  • Bizikletentzat aparkaleku berriak 100.000,00 €
  • Etxezarreta berreskuratzea 125.000,00 €
  • Asfaltatze lan berriak 200.000,00 €

Inbertsio txikiagoak

  • Ondare historikoa berreskuratzea (Portaloia, Kontzeziño, Markuleteko labea) 90.000,00 €
  • Alde Zaharrean matrikula irakurketa sistema ezartzea 45.000,00 €
  • Gorostiza igogailuaren proiektua 40.000,00 €
  • Iturbide aurrealdea berriztea 91.000,00 €
  • Musakola auzoan estalki bat egiteko proiektua idaztea 18.500,00 €
  • Etxe Feminista berriaren proiektua 30.000,00 €
  • Takolo Goiru proiektua berregokitzea 40.000,00 €
  • Inbertsioak baserri auzoetan 40.000,00 €
  • Gorostiza-Makatzenako estalpeen egiturak mantentzea 30.000,00 €

Geltokiaren kokapena, planean txertatuta

Aurrekontuaz gain, osoko bilkurako beste puntu bat izan da autobus geltokiaren kokalekua erabakitzea eta hura Mugikortasun Planean txertatzea. Hala, Zalduspe izango da behin betiko kokalekua. "Galdeketaren emaitza aintzat hartzeko baldintzetako bat bete ez zenez, osoko bilkurara ekartzea erabaki genuen, eta hala egin dugu, alderdi guztien artean adosteko", azaldu du Urteagak.

Jeltzaleek, kokalekuarekin ados egon arren, abstentziora jo dute. "Uste dugu gardenagoak izan behar garela eta parte-hartze handiagoa bultzatu behar dugula. Puntu hau zuzenean osoko bilkurara ekarri beharrean, lehenik Hirigintza Aholku Kontseilura eraman beharko litzateke, beste alegazio guztiekin batera, ondoren osoko bilkurara ekartzeko. Prozesua ez da egokia izan", azpimarratu du Garayk.

Mugikortasun Planari alegazioak aurkezteko epea atzo bertan bukatu zen. Alegazio horiek aztertu egin beharko dituztela azaldu du Urteagak, "Mugikortasun Planean txertatu ala ez erabakitzeko eta gure plangintzarekin aurrera jarraitzeko".

Mozioari ezezkoa, aho batez

Azkenik, Ramon Ugalde herritarrak mozio bat aurkeztu du, autobus geltoki zentrala Roneon jartzeko eskatuz –Nafarroa etorbidean, Forum dendaren ostean–. Edozelan ere, udalbatza osatzen duten lau alderdiek adierazi dute Zaldusperen aldekoak direla eta, beraz, aurka botatu dute mozioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak