Maider Morras alkateak adierazi duenez, "arrasatearren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko eta emandako hitza betetzeko" helburua duen aurrekontu proposamena egin du Gobernuak 2025erako. Era berean, bost ardatz nagusi izango lituzke aurrekontu horrek: "Auzoen eta auzotarren bizi-kalitatea hobetzea; zerbitzuen eta azpiegituren hobetzea; berdintasuna, justizia soziala, zaintza eta parte-hartzea sustatzea; Arrasate jasangarria; eta kudeaketa gardena, efizientea eta zuhurra".
Lehen ardatzari dagokionez, auzoetako ekintzetarako partidak handituko lituzke Gobernuak, "auzotarren arteko harremanetan sakondu eta komunitate sendoak egonkortzeko", alkatearen esanetan. Honako hauek lirateke auzoetan egingo lituzketen inbertsio esanguratsuenak: Santa Teresako urbanizazio lanekin jarraitzeko, 2,9 milioi euro; Ferixalekuko bi igogailuak berritu eta mantentzeko, 292.000 euro; San Andresko gaztetxokoa berritzeko, 168.500; Santa Marinako biblioteka handitu eta berritzeko, 135.000 euro; Uribarriko urbanizazio proiektua berrikusi eta egokitzapenak egiteko, 40.000 euro; Gorostiza eta Makatzenako estalpeen mantenua hobetzeko lanetarako, 30.000 euro; eta Musakolan estalki bat egiteko proiektua idazteko, 18.500 euro.
Hiru proiektu handi
2025ean hiru proiektu handi martxan jartzea aurreikusten du Gobernuak: Iturripeko kiroldegi berria; Amaia antzokiaren eraberritzea eta Grupo San Juango urbanizazioa. Proiektu horiek, hain zuzen, 13.000.000 euroko gerakinaren bitartez finantzatzea gura du Udal Gobernuak. "Hiru proiektuak idazten ari dira orain, eta horiek definitutakoan jakingo dugu obra horietara bideratu beharreko kopuru zehatza", dio Ezpeletak. Halaber, "gerakinaren kudeaketa ona" azpimarratu du. "Hasieratik esan genuen gerakina ezin genuela erabili gastu arruntetarako. Horrek ahalbidetuko digu zorpetze maila ahalik eta txikiena izatea".
Zerbitzuen eta azpiegitura publikoen zaintza
"Zerbitzu eta azpiegitura publikoak berritzeko apustua" egin nahi du Gobernu Taldeak, herritarrei "zerbitzu hobe eta pertsonalizatuago bat" emateko asmoarekin. Hala, BAZeko bulegoak berrituko lituzke 2025ean, Arrasateko ondare historikoa zaintzeko lanak egitearekin batera. Honako hauek dira aurreikusi dituzten inbertsio nagusiak: BAZeko bulegoak berritzeko, 500.000 euro; Arrasateko Herri Eskolan, Erguingo teilatua berritzeko 365.000 euro eta Bedoñabeko patioa berritzeko, 100.000 euro; kirol azpiegiturak hobetzeko, 150.000 euro; Santa Barbaran haur parke berria egiteko, 100.000 euro; Portaloi eta Kontzeziñoko ateak konpontzeko, 50.000 euro; Markuleteko labea konpontzeko, 40.000 euro; eta gaur egungo haur parkeak mantentzeko eta hobetzeko, 25.000 euro.
Etxe Feminista, tren geltoki zaharrean
Berdintasuna, justizia soziala, zaintza eta parte-hartzea dira laugarren ardatza osatzen duten arloak. Inbertsioei dagokienez, besteak beste, Zaintza Arloko Enplegu Bulegoa martxan jartzeko 20.000 euro bideratuko lituzke Udal Gobernuak; zahartzaro aktiboa sustatzeko dirulaguntzak %40 handituko lituzke, guztira 53.000 euro; Iturbide egoitzako egoiliarrentzat aurrealdea egokitzeko, 91.000 euro; osasun mentalaren diagnosia egiteko, 18.150 euro; tren geltoki zaharrean egingo duten Etxe Feministaren proiektua idazteko, 30.000 euro eta emakume sortzaileen jaialdia egiteko, 40.000 euro.
Herri jasangarri eta berdea
Mugikortasun jasangarrian lehen urratsak eman arren, "alde batera utzi ezin den" ekinbidea dela uste du Morrasek. Hori dela eta, "trantsizio energetiko eta ekologikoan sakontzeko", honako proiektu hauek egingo lituzkete: argiteria publikoa LED sistemara pasatzeko, 500.000 euro; bidegorri sarea handitzeko, 350.000 euro; bizikletaren erabilera sustatzeko aparkaleku berriak jartzeko, 100.000 euro; Etxezarreta parkea berreskuratzeko ekintzetarako, 125.000 euro; baso publikoen kudeaketa plana gauzatzeko, 18.000 euro; eta elikadura mahaia martxan jarri eta azoka berria diseinatzen hasteko, 10.000 euro.
Ez zorpetzea da helburua
Diru-sarreren %40 udal tributuen bitartez jasoko dela jakinarazi du Ezpeletak eta, %44, aldiz, Foru Funtsetik (19,6 milioi euro, 2024an baino 500.000 euro gehiago). "Ordaintzen ditugun tasa eta zerga guztiak zerbitzu duinetan itzultzen zaizkigu herritar guztiei, horiekin ordaintzen baitira Arrasateko Udalak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak". Aurten, gainera, "berezitasun" bezala, Eusko Jaurlaritzak 3.600.000 euroko dirulaguntza emango dio Udalari, Santa Teresako urbanizazioa egiteko.
2024ko aurrekontuko gerakinari dagokionez, 2025eko inbertsioak finantzatzea da Gobernuaren helburua eta, "ahal izanez gero", 2025ean ez zorpetzea. "Erronka handi eta potoloak dauzkagu aurreikusita Gobernu Planean eta egitasmo horiek guztiak gauzatzeko Udalak nahikoa gaitasun finantzario dauka", bukatu du Ezpeletak.