EAJ udal taldeak 2025eko aurrekontu-proiekturako 25 mozio aurkeztu ditu, udalerriko etorkizunerako funtsezkoak diren lau proiektu estrategikori indarberritze bat emateko helburuarekin: bi kiroldegiren berritze proiektua, Gorostizan igogailuak jartzea, Udala Goikoa urbanizatzea eta autobus geltokiaren proiektu berriaren diseinua. "Proposamen hauek, herritarren beharrak asetzea, irisgarritasuna bermatzea eta Arrasateko biztanleentzat bizi-kalitate hobea sustatzea dute helburu", azaldu dute oposizioko kideek.
Hori horrela, honakoak dira egin dituzten proposamen nagusiak:
1. Iturripe eta Musakola kiroldegien proiektuak
EAJk udaleko kirol-instalazioen berritze beharra planteatu du. Batetik, Iturripeko kiroldegi berriaren obrak hasteko 1.000.000 euro bideratzea proposatzen du, 2026an hastea aurreikusita dagoen proiektua. Bestetik, Musakolako kiroldegi berriaren proiektuaren garapenerako 800.000 euro eskaintzea, erabiltzaileen kirol-beharrak asetzeko eta adin guztientzako instalazioen eskaintza sendotzeko. "Kirol-instalazioak funtsezkoak dira herritarren ongizatearentzat. Proiektu hauekin, espazio modernoak eta irisgarriak sortzea da helburua, Arrasateko biztanleen beharrizanetara egokiturik", adierazi du Ander Garayk, Arrasateko EAJren bozeramaileak.
2. Gorostizako igogailu sistema
Gorostizan igogailuek, 1.000.000 euroko aurreikusitako inbertsioarekin, auzoko bizilagunek eskatutako premia larri bati erantzuten dio. Proiektu honek ez du bakarrik arkitektura-barrera handiak dituen eremu batean irisgarritasuna hobetuko, baizik eta bizilagunekin parte-hartze prozesu bat ere barne hartuko du, soluzio egokienak definitzeko. Proposamen hau 2026an hastea aurreikusten da, datorren urtean diseinu teknikoa amaitu ostean.
3. Udal Goikoa urbanizazioa
EAJk 500.000 euro bideratzea proposatzen du Udala Goikoa urbanizatzeko lehen ikerketak eta lanak egiteko. Proiektu honek, ikerketa topografiko eta geoteknikoak, lursailetako erregularizazioa eta behin-behineko neurriak hartuko ditu, bizilagunen beharrak asetzeko. Obrak 2026an hastea aurreikusten da, baina jeltzale taldeak prestaketa lanetan aurrera egitea funtsezkoa dela 2025. urtean azpimarratzen du.
4. Autobus geltoki berriaren proiektua
Zalduspen autobuseko geltokiaren kokapena zehaztu zuen herritarren kontsulta berriaren ostean, EAJk 80.000euro bideratzea proposatzen du proiektu berriaren diseinurako. Honek, bizilagun, erabiltzaile eta operadoreekin parte-hartze prozesu bat izango du, geltokia modernoa, funtzionala eta Arrasateko beharrizanak gaurkotzeko eta etorkizunerako egokitasuna bermatzeko. Diseinua 2025 amaieran esleitzea aurreikusten da, udalerriko mugikortasuna hobetzeko garrantzitsua den pauso bat emanez.
"Mozio hauek gure etorkizuneko Arrasateren ikuspegia islatzen dute: irisgarriagoa den udalerri bat, eta guztien beharrizanetara egokitutako azpiegitura modernoekin. 2025eko aurrekontuak ikuspegi hori eraikitzeko tresna izan daitezen nahi dugu," adierazi du Ander Garayk, Arrasateko EAJren bozeramaileak.
Jeltzaleek aurkeztutako gainontzeko proposamenak, berriz, honako hauek dira:
● Urrats bat gehiago programa: 30.000 euro
● La Merced eraikinaren erosketa: 1.000.000 euro
● Gobernuz kanpoko erakundeentzako dirulaguntza handitzea: 50.000 euro
● Harreman-Mundukide elkartearen diru-laguntza zuzena handitzea: 15.000 euro
● Nagusien bulegoa sortzea: 10.000 euro
● Ludoteka zerbitzua aste bukaeretara zabaltzea: 15.000 euro
● Erdialdean estalitako haur parke bat: 100.000 euro
● Monterron parkea berritzeko proiektua: 80.000 euro
● Lehiaketa estatal edo europarretan aritzeko dirulaguntza: 100.000 euro
● Kirol elkarteetan euskara sustatzeko plana: 25.000 euro
● Komertzioa sustatzeko Nire Arrasate proiektua: 100.000 euro
● Lehen sektorerako bonu kanpaina: 30.000 euro
● Eskoletako irteeretan parte hartzeko, diru sarrera gutxi dutenei laguntzeko dirulaguntza lerro berria: 10.000 euro
● Hizkuntza eskolako lokala egokitzeko partida: 80.000 euro
● Aurrekontu parte-hartzaileak: 400.000 euro
● San Juan taldea berrurbanizatzea: 500.000 euro
● Gudari plazaren berrikuntza: 40.000 euro
● Gorostizako auzoko lorategi-proiektua: 15.000 euro
● Larragain-Kurtzetxiki elkartearekin hitzarmena: 2.000 euro
● Hiruki plazaren berrikuntza: 10.000 euro
EAJk negoziatzeko gertu jarraitzen du
Proposamen hauek Arrasateko biztanleengandik jasotako hainbat iradokizunen ostean sortu direla azaldu dute oposizioko kideek, "entzute aktibo eta parte-hartzaile batetik abiatuta, 2025eko aurrekontuaren hobekuntzarako 25 proposamen bihurtu direnak. Proposamen hauekin, EAJrentzat, estrategikoak diren proiektuen garatzeko konpromisoa berresten du, Arrasateko biztanleen bizi-kalitateak benetako aldaketa bat izateko. Jeltzale taldeak itxaropena du udal gobernuarekin akordio bat lortzeko, proposamen hauek 2025eko aurrekontuetan islatu daitezen".
Negoziazioak hautsita
Edozelan ere, Arrasateko Udal Gobernuak dio hautsitzat ematen dituela negoziazioak. Gobernuaren esanetan, "eduki eta proposamen ia guztietan ados egonda ere", horiek gauzatzeko epeak "eginezinak" ziren… Hona hemen negoziaziorako bidea itxitzat ematearen arrazoia.