Udal Gobernuak aurrekontuen negoziazioa "hautsitzat" eman du EAJrekin

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko abe. 10a, 17:40

Udal Gobernua, agintaldi hasieran.

Gobernuaren esanetan, "eduki eta proposamen ia guztietan ados egonda ere", horiek gauzatzeko epeak "eginezinak" ziren. PSE-EErekin negoziazio prozesuan jarraitzen duela gaineratu du, "adostasunera heltzeko esperantzarekin".

Udal Gobernuak aurrekontuen negoziaziorako bidea itxitzat eman du EAJrekin, herritarrei "promesa faltsuak" egitea litzatekeelako. Jeltzaleek egin dituzten 25 proposamenetatik 23tan adostasun batera heltzeko "aukera erreala" zela adierazi du Gobernuak. "Proposamen ia guztiak lantzen ari gara edo lantzeko prest agertu gara, eta horrela adierazi dugu negoziazio bileretan. Batzuk aurrekontuetan aurreikusita daude, eta finantziazio kopurua aldatzea proposatzen zuten. Proiektuen finantziazioa bermatuta dago, eta horiek egingo dira. Ez du zentzurik zenbatekoez hitz egiteak proiektua oraindik idatzi gabe dagoenean, eta horrela azaldu genuen azaroaren 27an egindako prentsaurrekoan".

Herritarrekiko komunikazio "garden eta errealista" bat egiteko konpromisoa hartu zuen Udal Gobernuak agintaldi hasieran, eta horri eusten diola nabarmendu du. Hala, ezezkoa jaso duten proposamenen artean dago, adibidez, Musakolako kiroldegiaren proiektua 2025ean egitea. "2025. urtean Iturripeko kiroldegia egiten hastear gaude; behin hori bideratuta, 2026an idatziko da Musakolako proiektua. Bestelako espekulazioak egitea, ustezko epeekin, herritarrei esperantza faltsuak ematea da, eta egingarriak ez diren promesak egitea".

Hori argituta, "antzerki horretan" ez duela parte hartuko nabarmendu du. "Zintzotasuna eta kudeaketa gardena zor diegu herritarrei". Zentzu horretan, Gobernu Planari eman dio balioa, "inbertsioak eta prozedurak burutzeko bide-orria markatzen duen egutegi erreala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak