Vladimir Stupnikov errusiarra nagusitu da Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko abe. 8a, 22:19

Bakarkako Nazioarteko Lehiaketako txapela jantzi du, baina ez hori bakarrik; izan ere, Stupnikovek irabazi du baita ere aurten lehenengo aldiz jokatu den Akordeoi Ganbara Musikako Lehiaketako sari nagusia. SenS Duo taldearekin irabazi du. Adin bereko  Sendektkii biolontxelo-jotzaile errusiarra izan du lagun.

Intentsita handiko hiru egun bizi izan dituzte Arrasate Hiria Akordeoi Lehiaketako partaideek, epaimahaiko kideek eta antolatzaileek. 300dik gora akordeoilari elkartu dira egunotan Arrasaten eta gaur iluntzean egin dute sari banaketa nagusia Amaia antzokian.

Sari nagusia, aurten, Errusia aldera joan da. Epaimahaiaren iritziz Vladimir Stupnikov izan da ekitaldiko akordeoilari onena. Pozik jaso du saria 28 urteko musikariak. Zortzi urterekin ekin zion akordeoia jotzeari eta badira hamabost bat urte Alemanian akordeoi ikasketak egiten ari dela. "Sari oso garrantzitsua da niretzat. Iaz ere Arrasaten izan nintzen eta aurten sari nagusia eskuratu dut. Lehiaketa entzutetsua da Arrasatekoa. Eskerrik asko denei egin diguzuen harrera beroarengatik", esan du. 

Pozik zen baita ere SenS Duo taldeko  Sendektkii biolontxelo-jotzailea. "Stupnikov Alemanian bizi da eta ni Londresen. Ez da erraza izan ganbera lehiaketarako errepertorioa prestatzea, baina lortu dugu eta sariarekin goaz etxera. Ez naiz akordeoilaria baina ni ere oso gustura egon naiz Arrasaten. Eskerrik asko denei".

Antolatzaileek balorazio positiboa

Hauspoz elkarteko lehendakari Arantxa Agirre ere pozik zen sari banaketa ekitaldi amaieran. "Aurtengo txapelketa oso ondo joan da. Eguraldia ez dugu lagun izan, baina 300dik gora akordeoilari elkartu dira Arrasaten eta emanaldi eta audizio ugari egin dira. Aurten ere maila oso altua izan dugu txapelketan. Eskerrik asko antolaketan lagundu diguzuen guztioi".

Sari nagusiak

Sari banaketa ekitaldian Gipuzkoako Txapelketako, Nazioarteko Txapelketako eta Ganbera Txapelketako sariak banatu dituzte. Hauek dira saria jaso dutenak:

  • Gipuzkoako Txapelketa,
    • Infantilen kategorian: Andres Garcia.
    • Gazteen kategorian: Nicolas Florea.
    • Senior kategorian: Bela Brichzin.
  • Ganbera Txapelketan:
    • 1. saria: SenS Duo talde (Vladimir Stupnikov eta Sendektkii)
    • Aipamen berezia: Duo Nakte (Julen Murga eta Victor Orts)
  • Nazioarteko Txapelketan:
    • 1. saria: Vladimir Stupnikov (Errusia)
    • 2. saria: Luigi Gordano (Italia)
    • 3. saria: Naixin Zhang (Txina)

Bestelako sariak ere banatu dituzte Amaiako ekitaldian:

  • Parte-hartzaile jatorrenaren saria: Julen Murga (Euskal Herria)
  • Aitortza eskainitako laguntzarengatik: SUDC elkartea (Juan Luis Arkauzek jaso du)

Sari banaketa ekitaldia, bestetik, Iñigo Dieguez Akustik Trio taldeak girotu du. Oinkariko bi dantzari izan dituzte lagun. 

 

SenS Duo talde: Vladimir Stupnikov eta Sendektkii.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak