Zazpigarrena jarraian lortu du Mondratek. Hirunaka batzen ari dira Aitor Cortizarren mutilak, eta horrek denboraldi hasieran jarritako helburura gerturatzen du talde morea: igoera lortzera. Afantxo hartu dute mendean arrasatearrek, eta etxeko aurreneko bi partiduak galdu arren, lortu dute Musakola gotorleku bilakatzea.
Azkar estreinatu du markagailua gaur Jokin Rayok, eta lehenengo zatian Rayok berak eta Jokin Orunak egindako golekin errenta handia lortu dute etxekoek. Afantxok estutu du, baina defentsa lanetan gogor aritu dira Mondratekoak, eta ez dute askorik sufritu behar izan.
Bigarren zatia hasi eta gutxira sartu du Orunak Mondrateren laugarrena, eta Afantxok tartea murriztea lortu badu ere, ez du markagailua iraultzeko aukerarik izan.