Aurkezpenean, Arantza Aguirre, Hauspoz Elkarteko Lehendakaria eta Maria Zubimendi, Hauspoz Elkarteko koordinatzailea, Maider Morras, Arrasateko Alkatea eta Andoni Arratibel Arrasateko Kultura zinegotzia, eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Kultura diputatua izan dira.
Ikasleetatik hasita, maila profesionalera arte
Jaialdiak lau lehiaketa ezberdin izango ditu bere barruan; esaterako, Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketaren XXXI. edizioa ospatuko da aurten, eta herrialde ezberdinetako soinujoleak izango dira. Gero, Nazio mailako XLIV. lehiaketa ere izango da; Gipuzkoa lehiaketa deritzona. Kasu honetan, 13 urtetik 18 urtera arteko soinu-joleak izango dira. Horrekin batera, Arrasate Hiria, Akordeoi eta Ganbara Musikako Nazioarteko I. lehiaketa egingo da. Gainera, lehiakideak ez diren soinu-joleak ere izango dira, sei urtetik aurrerako ikasleak.
Ekitaldiak Arrasateko Amaia Antzokian, Juan Arzamendi Musika Etxean eta Arrasateko Kulturaten izango direla ere adierazi dute aurkezpenean. [Hemen, programazio osoa]
Elkarte gastronomikoetan ateak irekiz
Maider Morrasek, Arrasateko alkateak berrikuntzak ere izango direla jaialdiari begira ere azaldu du aurkezpenean. "Aurten berrikuntzak ditugu. Lehiaketa herrigintzara ireki dugu eta oso pozik gaude. Elkarte gastronomikoetan, bi ikastetxeek duten gastronomia formakuntzetan ikasleek egingo dituzte otorduak".
Hauspoz jaialdiaren 50. urteurrena izanda, akordeoiaren sustapenean eta irakaskuntzan mende erdiko ibilbidea ospatzen duten jardueren aurkezpena, elkarteak musikaren arloan duen eragina azpimarratu dute, Arrasateko Udalarekin elkarlanean antolatutako jarduerak izango direla azaldu dute, hala nola, kontzertuak, kalejirak eta herritarrei oro har zuzendutako ikuskizunak.
Diputazioaren babesean
"Ekitaldi ederra da asteburu honetakoa, eta, lan ederra urte osoan zehar Hauspoz elkarteak egiten duena. Gainera, Arrasateko Udalaren laguntzaz, aurten badakit, formula berri baten bitartez, jarraituko dutela kanpotik datozenak soziedade gastronomikoetan bazkaltzen, eta hori ere oso polita da", azaldu du Mari Jose Telleriak, Gipuzkoako Kultura diputatuak.