Arizmendiarrieta gogoan izan dute, 48 urte geroago ere

Julen Murua Mesonero 2024ko aza. 28a, 15:26

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak urteroko hitzordua antolatu du aste honetan: Arizmendiarrietaren eguna. Aurtengo ekitaldian hitzaldia eman duena, Juan Ignacio Perez Iglesias izan da, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua.

48 urte igaro dira Jose Maria Arizmendiarrieta hil zenetik, eta beste urte batez, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak haren omenezko ekitaldia egin du. Lourdes Idoiagak, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko presidenteak, dio jende askok uste duela "antzinako pentsamenduekin bueltaka" ari direla; hala ere, "Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartetik etorkizunerako begirada batekin lanean" ari direla aitortzen du presidenteak; izan ere, Arizmendiarrietaren hitzek "garrantzia izaten jarraitzen dute gaur egun", Idogaiaren hitzetan.

Arizmendiarrietaren urteurrena ospatzeko, hitzaldia eman zuen Perez Iglesias sailburuak, Kultura, oparotasuna eta demokrazia; zientzia bultzatzen duen hirukote bertutetsua izenpean; hiru alderdi horiek gaur egungo ikuspegi akademikoan izaten jarraitzen duten garrantzia azpimarratu zuen Perez Iglesiasek eta, gainera, unibertsitateek gaur egun izan behar dituzten erronkez ere mintzatu zen.

Aurrerantzean, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak lanean jarraituko du, eta hark utzitako ondarea liburu gisa plazaratzeko asmoa dutela esanaz amaitu zuen Idoiagak, urteurren ekitaldiko agerraldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak