Apiriletik entseatzen ibili ostean, asteburuan eskaini du Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak El huesped del sevillano zarzuela Amaia antzokian. 2004an, duela 20 urte antzeztu zuten azkenekoz obra hori, eta bakarlariei edo pertsonaia nagusiei dagokienez, Mikel Izurrategi izan da, bi hamarkada geroago, errepikatu duen bakarra. Dena den, ikusi ahal izan da hilabete hauetan guztietan abeslari eta aktore moduan ibili diren obrako pertsonaia bakoitzak egin duen lana.
Arrasate Musikaleko Orkestra Sinfonikoak eskaini du zuzeneko musika zarzuelan eta Amaian izan direnek Toledon 1626an gertatzen den obra ikusi ahal izan dute, non ostatu bateko langile bat den protagonista; pertsona famatu bat, Miguel de Cervantes. Hark kontatzen du Toledo inguruan gertatzen zen guztia. Maitasun kontuak, bahiketa bat... ikus-entzulea entretenituta izan dute uneoro zarzuelan zehar.
Ordu eta erdi inguruko obra izan da eta ikus-entzuleek txalo zaparradarekin zoriondu dute talde guztiak aurten egin duen lana.
Bi lagun gogoan
Izaskun Murgia Elkarte Lirikokoek, zarzuela hasi aurretik, 25 urtetan euren arotza izan den Juan Mari Amazorrainek egin izan duen lana eskertu nahi izan zuten. Publikoan eserita zegoen Amazorrain, aurtengo obra ikusteko gogoz eta txalo ugari jaso zituen.
Bestetik, Arrasate Musikalekoek, abuztuan hil zen Luis Usatorre bertako lehendakari eta biolin-jolea zena omendu nahi izan dute. Usatorre gabe egin duten lehen emanaldia izan da eurendako eta hari eskaini nahi izan diote.