Zalduspe izan da kokapen bozkatuena

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko aza. 19a, 09:39

4.268 herritarrek hartu dute parte autobus geltokiaren kokapenari buruzko galdeketan –hautesle erroldaren %21,86–. Emaitzari dagokionez, botoa eman dutenen %74,2k Zalduspeko kokapena aukeratu dute, eta %25,8k Laubidekoa.

Atzo, astelehena, ireki zituzten autobus geltokiaren kokapena erabakitzeko astebetez BAZen izan diren hautetsontziak. Alderdi guztiek ordezkaritza duten hirigintza batzorde berezia deitu dute horretarako, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

4.268 arrasatearrek parte hartu dute geltokiaren kokapena aukeratzeko galdetegian, hautesle erroldaren %21,86ak, hain zuzen. Emaitza honako hau izan da:

  • Zalduspe: 3.159 boto.
  • Laubide: 1.102 boto.
  • Zuriak: 2 boto.
  • Baliogabeak: 5 boto.

Baldintza bat ez da bete

Gutxieneko bi baldintza zeuden galdeketa "politikoki loteslea" izateko: %30eko gutxieneko parte-hartzea eta bi aukeren artean %10eko aldea egotea. Azken hori bete bada ere, lehen baldintzak ez du gutxieneko langa gainditu. "Zortzi puntu eskasengatik ez da gutxieneko parte-hartzea bete. Eskerrik asko herritar guztiei galdeketan parte hartzeko agertu duten interesagatik", adierazi du Garazi Etxeberria, Hirigintza, Trantsizio Ekologikoa eta Mugikortasun zinegotziak.

Ondorioz, erabakia udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztien artean hartuko dutela azaldu dute. "Positiboki baloratzen dugu alderdi guztiak kokapen beraren alde agertu izana, eta herritarren aldetik ere gehiengoz kokapen hori babestea".

Hurrengo urratsa, proiektua bideratzea

Beraz, erabakitzat jo dute geltokiaren kokapena. "Behin kokapena erabakita, proiektua bideratzea izango da hurrengo urratsa. Autobus geltokiaren eraikin duina eraikitzeko proiektua bideratzen hasi behar dugu orain. Horretarako, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatu behar da, eta proiektuekin hasi. Prozesua luzea izango da, eta baliteke bi edo hiru urteko epea behar izatea autobus geltoki berria eraikitzen hasteko", adierazi dute udal ordezkariek.

Jeltzaleak eta sozialistak, gustura

EAJk nabarmendu du emaitza horrek haien erabakia berresten duela. "Zalduspe da autobus geltokirako kokapen onena, herritarrei eta udalerriari onura gehien eskaintzen dien lekua delako. Kontsulta honek 2019an hartutako erabakia legitimatzen du, EH Bilduk Laubide proiektua alternatiba gisa bultzatu zuenean. Orain, herritarrek gehiengoz babestu dute Zalduspe, urte hauetan guk defendatutako jarrera sendotuz".

Hala, jeltzaleek eskerrak eman dizkiete prozesu honetan parte hartu duten herritar guztiei, "kontsulta honek demokrazia eta herritarren parte-hartzea sustatzeko garrantzia azpimarratzen duelako". Halaber, Udalari eskatu diote arduraz jokatzeko eta autobus geltoki berriaren proiektua garatzeko, "herritarren beharrak asetzeko beharrezko zerbitzuak izango dituela bermatuz". Azkenik, zera gaineratu dute: "Erantzukizuna Udalaren esku dago orain, Zalduspeko autobus geltokia ahalik eta denbora laburrenean errealitate bihurtzeko ardura hartuz". Hori dela eta, diseinua eta esleipena "2025erako amaituta" egon daitezela eskatu dute.

Arrasateko PSE-EE, era berean, pozik azaldu da galdeketak utzitako emaitzarekin, 2015etik Zalduspeko aukera babestu izan dutela gaineratuz: "Gure udalerrirako aukerarik onena da. Jasangarriena, irisgarriena eta, hiri-integrazioaren ikuspegitik, onena. Azken batean, herritarren beharrak betetzen dituen irtenbide modernoa da".

Sozialistentzat "ulertezina" da EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren gobernuak proiektua martxan jartzeko "hainbeste denbora" behar izana, "geltokia askoz lehenago izan zitekeelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak