Penaz mintzatu zen Izar Bedia, taldeko kapitaina, aukera eskura izan zutela-eta: "Pena izan da, puntu bakar batengatik. Aukera eduki dugu, gainera: baloia izan dugu erasotzeko, baina ezin izan da uztailean sartu".
Irabazten hasi zen etxeko taldea, 21-15 emaitzarekin bukatuz lehen zatia; berdinketa izan zen bigarrenean (18-18) eta hirugarrenean (16-16); baina laugarrenak erabaki zuen partitua (10-17). "Azken zati horretan, bukatzeko pare bat minuturen faltan, aurretik gindoazen, baina guk hartutako bi erabaki txarrez baliatuta aurrera egin dute eurek: bi saskiratze egin dituzte, nahiko erraz, eta guk ezin izan dugu horren ostean garaipena eskuratu", gaineratu zuen Bediak.
Bazekiten aurkari gogorra izango zela Galiziatik etorritakoa; baina bazekiten, era berean, etxeko berotasunak lagunduta gauzak zail ipiniko zizkiela. Oraingoan, ordea, ez da posible izan, eta eten egin da etxean partiduak irabaziz zeramaten bolada ona; baina aldea txikia izan da eta, zentzu horretan, baikortasunez ere hitz egin zuen taldeko kapitainak, datorrenera begira ilusioz daudela gaineratuz.
Datorren asteburuan Mataron (Bartzelonan) dute hitzordua eta, horri begira, Izar Bediak ondorengoa adierazi zuen: "Ea bidaia horretatik garaipenarekin itzultzen garen".