Bala galdu batek eraman zien ama

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko aza. 15a, 12:45

Jesus Mari, Inazio eta Joaquin Murgiondo anaiak, egungo Larrea etxeko egongelan. Atzean, Emilia Larrea amaren eta Jose Murgiondo aitaren erretratuak.

1978ko azaroaren 15ean, gaur 46 urte, Emilia Larrea Saez de dana arrasatearra hil zuen guardia zibilaren bala galdu batek; haren hiru semeekin elkartu da GOIENA.

Eguaztena zen. 1978ko azaroaren 15a, gaur 46 urte. Arratsaldez, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideek Aretxabaletako kuartela metrailatu ostean, Arrasaterantz joan ziren, autoz. Gaur egungo Arrasate pasealekua, Uribarri hiribidea, Erguin kalea eta Zarugalde kalea elkartzen dituen biribilgune ingurura iritsi ziren, kale jantzita zihoazen hainbat guardia zibil atzetik zituztela.

Puntako ordua izanik, eta Olandixoko tunela oraindik egin barik zegoenez, auto-ilara luzeak zeuden inguru hartan. "Saihesbiderik ez zegoenez, Guardia Zibilaren kuartel paretik pasa behar izaten genuen herrian sartu eta irteteko –gaur egungo Kontzezinoko biribilgune ondoan zegoen kuartela–. Hori dela eta, komandoko kideek bide hura hartu zuten, kuartel paretik ez pasatzearren, eta auto guztiak han pilatu ziren, gure etxe aurrean", adierazi du Inazio Murgiondok (Arrasate, 1950), Emilia Larrearen seme zaharrenak. Nahasmen hartan, Guardia Zibilek tiro egin zieten Komando Autonomo Antikapitalistetako kideei, eta haietako bi hil zituzten –Roberto Aranburu eta Jose Maria Iturrioz–. Beste kide bat, berriz, larri zauritu zuten –Kike Zurutuza–. Era berean, bi oinezko ere zauritu zituzten tiroek, Juana Martin eta Alberto Beltran de Heredia.

Minutu gutxira, Arrasateko hainbat guardia zibil agertu ziren bertara, baina, uniformerik gabeko guardia zibilak ezagutu ez, eta tiroka hasi ziren. Bitartean, Larrea baserrian, Emilia Larrea eta Jesus Mari Murgiondo ama-semeak atariko banku batean eserita zeuden, Crescencia Vidaurreta eta Espe Gaztañaga ama-alabekin batera –lagunak ziren bi familiak–. "Gure aita [Jose Murgiondo] etxe barruan zegoen eta ama, berriz, bere onetik kanpo, etxe inguruan, atzera eta aurrera. Esperekin eta Cresenciarekin geunden bankuan eta ni ama lasaitzen saiatzen ari nintzen, oso urduri zegoelako", nabarmendu du Jesus Marik (Arrasate, 1955). Joaquin, seme gazteena, Ceutan zegoen, soldaduska egiten (Arrasate, 1956).

Jesus Mari Murgiondo: "Ama bere onetik kanpo zegoen, etxe inguruan, atzera eta aurrera"

Emilia beldurtuta zegoen, seme zaharrenari zerbait gertatuko ote zitzaion. "Lanetik bueltan nentorren, Garagartzatik, eta sekulako auto-ilarak zeuden. Autobusa geldi zegoenez eta etxea gertu nuenez, jaitsi eta oinez abiatu nintzen etxerantz".

Halako batean, tiroak Larrea baserrira iritsi ziren; bala batek Emiliaren lepoan jo zuen eta beste batek, Crescenciaren izterrean. "Ama eskuetan hartu nuen eta ikusi nuen gaizki zegoela. Gizon batek zentro asistentzialera eraman gintuen autoz, baina, ordurako, konturatu nintzen ama hilda zegoela. Oso azkarra izan zen guztia", dio Jesus Marik. "Emiliaren orduko irudia ondo gogoratzen dut oraindik; ez dut sekula ahaztuko", gehitu du Espe Gaztañagak.

Emilia Larrea, artxiboko argazki batean.

"Hutsune handia" etxean

Inazio Murgiondok 28 urte zituen orduko hartan; Jesus Marik, 23 urte; eta Joaquinek, 22 urte. Ama nola gogoratzen duten galdetuta, guztiaren gainetik "langilea" zela nabarmendu dute: "Emakume langilea zen oso gure ama; zeukan guztia emateko zeukan. Gelditu ere ez zen egiten etxean; pentsa, bazkaldu ere zutik egiten zuen batzuetan".

Ama horrela galtzea gogorra izan zela aitortu dute, eta "hutsune handia" utzi zuela etxean. "Hirurontzat ama izan arren, bakoitzak bere erara pasa du dolua. Inaziok zeukan harreman estuena amarekin, eta hark pasatu zuen okerren, baina galera guztientzat izan zen, noski", azaldu du Jesus Marik. "Edozelan ere, etxean oso gutxi hitz egin izan dugu amaren heriotzaz, oso zaila egiten zaigu horretaz hitz egitea", azpimarratu du.

Jesus Mari Murgiondo: "Hirurontzat ama izan arren, bakoitzak bere erara pasa du dolua; edozelan ere, etxean oso gutxi hitz egin izan dugu gaiaz"

Galera handia izan arren, amaz harro daudela gehitu du Jesus Marik, eta zorte txarrak eraman zuela: "Esan gura dudana da Guardia Zibilaren helburua ez zela gure ama hiltzea; ni ere izan nintekeen hildakoa. Garbi dago gertatutakoa ez zela gertatu behar, baina ez da gauza bera horrela hiltzea edo Guardia Zibila zuzenean gure ama hiltzera etortzea. Geratzen zaizun sentsazioa ez da bera; guk harrotasunez oroitzen dugu ama".

Gertakari haien ondorengo egunetan, herria asko mobilizatu zen, eta, manifestazioez gain, grebak ere egin zituzten, gertatutakoa salatzeko. Horretaz harago, baina, herritarren partetik jaso izan duten babesa azpimarratu dute hiru anaiek: "Erakutsi izan diguten babesa eta gertutasuna ikaragarria izan da, eta horrek asko balio du. Izan ere, horrek erakusten du gure ama nolakoa zen, eta hori, guretzat, oso garrantzitsua da".

Biktima, batzuentzat bakarrik

Espainiako Gobernuak biktima gisa aitortzea ukatu zion Emilia Larreari. "Madrildik gutun bat bidali ziguten esanez ez zutela gure ama biktima gisa onartuko. Haiei komeni zaienak bakarrik dira biktimak", dio Inaziok, haserre. Jesus Marik zera gaineratu du: "Badirudi Estatuak isilarazi egin nahi izan duela 1978ko azaroaren 15ean Arrasaten gertatutakoa, eta, hein batean, lortu du. Izan ere, Estatuak zintzur handia du, botatako guztia irensten du, eta oso zaila da haren aurka joatea. Abokatuekin hasi ginen erreklamazioak egiten, baina oso esperientzia txarra izan genuen: egoeraz aprobetxatzen ziren; lotsagabe hutsak ziren. Horretaz ere asko eztabaidatu izan dugu etxean". Azkenean, diruz indemnizatu zituzten, orduko hiru milioi pezetarekin. "Donostiako kuartel batera joan nintzen kobratzera, aitarekin", dio Jesus Marik.

Inazio Murgiondo: "Madrildik gutun bat bidali ziguten esanez ez zutela gure ama biktima gisa onartuko. Haiei komeni zaienak bakarrik dira biktimak"

2014an, Eusko Jaurlaritzak biktima izaera onartu zion Emilia Larreari, eta joan den domekan Arrasateko Udalak berretsi egin zuen aitortza hori, ekitaldi batekin. "Asko eskertzen dugu. Egia da horrenbeste urteren ostean kosta egin zitzaigula proposamena barneratzea eta onartzeko pausoa ematea, baina merezi izan zuen. Oso hunkigarria eta polita izan zen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak