Alberto Beltran de Heredia: "Ezkerreko sorbaldan bi tiro jaso nituen, autoko kristala zeharkatuta"

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko aza. 15a, 12:46

1978ko azaroaren 15ean, 18 urte zituen Alberto Beltran de Herediak (Aretxabaleta, 1960), eta gidabaimena atera berri zegoen. "Goi Eskola Politeknikoan Elektronika ikasketak egiten ari ginen Felis anaia eta biok, eta hura eskolatik noiz irtengo zain nengoen, autoan, nire osaba eta lehengusuarekin", azaldu du.

Biribilgune ondoan zeuden aparkatuta. "17:00ak edo 18:00ak izango ziren, langile guztiak lantegietatik ateratzen ari baitziren. Arimazubi plaza ingurua kaos hutsa izaten zen, autoz gainezka egon ohi zen". Halako batean, tiro hotsak entzuten hasi zela dio. "Konturatu orduko, bi tiro jaso nituen ezkerreko sorbaldan, autoko kristala zeharkatuta. Nire osabak hala aginduta, autotik korrika atera ginen hiruok. Biribilgune ondoan tindategi bat zuen izebak, eta hara joan ginen. Orduan konturatu nintzen odoletan nengoela eta laguntza behar nuela". Hori ikusita, tindategitik irten eta auto bat gelditu zuten. "Zentro asistentzialera eraman ninduten, eta, autotik irten bezain pronto, zentroko atean, mareatu egin nintzen, odol asko galduta". Antza, zentrora iritsi zen lehen zauritua izan zen. "Larrialdietan esnatu nintzen, eta, esnatzearekin batera, guardia zibilak gainean nituen, besotik tiraka eta galderak eginez, komandoko kidea nintzelakoan", Kasualitatez, gainera, egun hartan elektronikako praktikak egin zituela adierazi du, eta pieza elektroniko batzuk gainean zituela. "Horrek okertu egin zuen egoera, ez zidatelako sinisten. Uste zuten lehergailuak prestatzeko erabiliko nituela". Orduko hartan, mojak arduratzen ziren zentro asistentzialaren kudeaketaz. "Mojetako batek bisturiarekin mehatxu egin zien guardia zibilei, eta zentrotik bota zituen. Bedelak, bitartean, logeletako batean ezkutatu ninduen, egoera lasaitu arte, eta 21:00etan egin zidaten ebakuntza".

Espainiako Gobernuak, 150.000 pezetako indemnizazioa

Hamabost egun pasa zituen zentroan, eta besoa "nahiko ondo" errekuperatu zuela aitortu du. Edozelan ere, dio ez duela ez barkamenik ez aitortzarik jaso Guardia Zibilaren edota Espainiako Gobernuaren partetik. "Ez gaituzte sekula terrorismoaren biktima gisa aitortu". Indemnizazioa eskatu zuen. "150.000 pezeta baino ez nituen jaso Espainiako Gobernuarengandik". Eusko Jaurlaritzak, gerora, polizia indarkeriaren biktima gisa aitortu zuen.

Erlazionatuak

Bala galdu batek eraman zien ama

Eneko Azurmendi Barrena aza 15 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak