Espe Gaztañaga: "Gaur egun, oraindik ere inpresio handia egiten dit odola ikusteak"

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko aza. 15a, 12:46

Espe Gaztañaga (Arrasate, 1959) Larrea baserrian zegoen 1978ko azaroaren 15ean. "Nire ama, aurreko egunetan, flebitisarekin egon zen, ohean, eta egun hartan etxetik irten ginen, paseo bat ematera. Hala, arrautza batzuk erosi eta bueltan gindoazela, tiroketa hasi zen. Oraindik gogoan dut nola balek lurra jotzen zuten. Era berean, ikusi egin genuen nola hil zituzten komandoko bi kideak".

Gogoan du nola laurak bankuan eserita zeuden. "Emilia eta nire ama erdian zeuden, eta tiro batzuk iritsi ziren orduan, eta bi amak kolpatu zituzten; hala, Jesusek eta biok etxera sartu genituen biak. Jesusek etxeko sarreran jarri zuen bere ama eta nik sukaldera eraman nuen nirea. Bitartean, deika hasi nintzen, laguntza eske, baina inork ez zidan erantzun. Momentu hartan, Jesusi galdetu nion ama zer moduz zegoen, eta gaizki zegoela erantzun zidan. Emiliaren orduko irudia ondo gogoratzen dut oraindik; ez dut sekula ahaztuko". Ama zentro asistentzialera eraman zuela kontatu du: "Errepidera jaitsi ginen eta gizon batek bere autoan eraman gintuen, baina ez dut oso ondo gogoratzen momentu hura, shock egoeran nengoen. Hurrengo oroitzapena da ospitalean amari itxaroten nengoela. Gogoan dut, gainera, gaua ospitalean pasa behar izan genuela, ezin ginelako kalera irten. Arropa guztia odolez beteta genuen". Era berean, kazetariez ere gogoratzen da: "Oso oroitzapen txarra dut kazetariez; izan ere, hurrengo egunetako egunkarietan gura izan zutena jarri zuten". Gaur egun, oraindik ere "oso gogorra" egiten zaio gaiaz hitz egitea: "Hainbeste odol ikustea eta nire ingurukoak horrela ikustea oso gogorra egin zitzaidan; gaur egun, oraindik ere inpresio handia egiten dit odola ikusteak, eta urte asko pasa ditut etxafuegoak entzundakoan histeriko jartzen".

"Aitortza behar dute, ahaztu ez daitezen"

Eusko Jaurlaritzak indarkeria polizialaren biktimatzat onartu zuen Cresencia Vidaurreta. "Aitortza behar dute, ahaztu ez daitezen". Espainiako Gobernuak, "indemnizazio txiki" bat eman arren, oraindik ez du aitortu biktima gisa arrasatearra. "Niri, ordea, ez dit axola horrek. Nire ama jada ez dago gurekin, eta, beraz, ez dut ezer gehiago jakin nahi. Gai horrekin nahikoa sufritu dut".

Erlazionatuak

Bala galdu batek eraman zien ama

Eneko Azurmendi Barrena aza 15 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak