Datorren astean egingo dute autobus geltokiaren kokapenari buruzko galdeketa

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko aza. 6a, 12:38

Mugikortasun Jasangarrirako Plana berritzeko bidean, autobus geltokiaren kokalekua zehaztea da Udal Gobernuaren lehentasunetako bat eta, hain zuzen, galdeketa bidez egingo dute hori, atzo udalbatzak hala onartu ostean. Datorren astean egingo dute galdeketa eta gaur eman dituzte xehetasun guztiak.

Atzo, martitzena, egin zuen udalbatzak azaroko ohiko osoko bilkura eta onartu zen puntuetako bat izan zen galdeketa egitearena. Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio Ekologikoa eta Mugikortasuna Saileko zinegotziak, azaldu zuen Udal Gobernua otsailean hasi zela Mugikortasun Plana lantzen eta ekainean galdetegi bat egin zietela herritarrei, 32 galderaz osatutakoa. "Horietako bat autobus geltokiaren kokalekuetako bat zen eta ikusi genuen bi aukeren astean alde txikia zegoela. Bozkatu zutenen %43k egin zuten Zaldusperen alde eta %47k, Laubideren alde". Gainontzeko %10ak beste aukera baten alde egin zutela gaineratu zuen.

Horrez gain, aurkezpen bileretan ere jakin-min handiena piztu duen gaia izan dela adierazi zuen Etxeberriak, aukera egokiena herritarrei galdetzea zela nabarmenduz. Johanna Sanchez sozialistak galdeketaren alde bozkatu zuten, galdeketak berak "hobetu beharreko ñabardura batzuk" dituela argudiatu arren.

Jeltzaleek, azkenik, aurkako botoa eman zuten, eta Ander Garay bozeramaileak hala arrazoitu zuen haien botoa: "Herritarrei galdetzearen alde gaude, noski, baina ez gaude galdeketa honekin ados. Galdeketa osoagoa eskatzen dugu. Adibidez, noranzko bakarreko etorbideen inguruan ere asko hitz egin da bileretan eta ez da galdetegian txertatu".

Galdeketa, azaroaren 11tik 16ra

Atzo onartu ostean, gaur azaldu dituzte galdeketaren xehetasun guztiak. Hala, azaroaren 11tik 16ra egingo dute eta herritarrek erantzun beharko duten galdera honako hau izango da: Zure iritziz, zein da autobus geltoki berriaren kokapenik egokiena?. Bi aukeren artean bozkatu beharko dute: Zalduspe (gaur egungo kokapena) edo Laubide (Arizmendiarrieta plaza).

Garazi Etxeberria eta Maider Morras, gaurko prentsa agerraldian.

Erabakia ezingo da loteslea izan, legeak baimentzen ez duelako, baina gutxieneko parte-hartze berme batzuk betetzen badira, Udal Gobernuak herritarren erabakia errespetatzeko konpromisoa erakutsi du. Hala, 2024ko gaur-gaurkoz Arrasaten erroldatuta dauden 16 urtetik gorako arrasatearrek izango dute botoa emateko aukera eta gutxieneko parte-hartzea %30ekoa izan beharko da. Horrez gain, bi aukeren arteko gutxieneko aldea %10ekoa izan beharko da.

BAZen egongo da bozkatzeko aukera, honako ordutegi hauetan: astelehenean, martitzenean, eguaztenean eta egubakoitzean, 07:30etik 15:00etara; eguenean, 07:30etik 18:30era eta zapatuan, 09:00etatik 13:00etara.

Horrekin batera, panel informatibo batzuk ere jarriko dituzte herriko hainbat puntutan, aukera bakoitzaren alde positiboak zein negatiboak azalduz. Honako hauek izango lirateke:

  Alde positiboak Alde negatiboak
Zalduspe

●      Autobus geltoki berria eraikitzeko kostu txikiagoa (gainazalekoa).

●      Disuasio aparkaleku publiko bat eraikitzeko aukera.

●      Herribusarekin konektatuta.

●      Ospitalearekin gertutasuna eta konexio zuzena.

●      Distantzia luzeko autobusentzat sarbide erraza.

●      Egunean erdigunera 200 autobus baino gehiago sartzea ekidingo litzateke.

●      Inguruneari lotuta garapen urbanistikoa eta ekonomikorako pizgarri izateko aukera.

●      Herritar batzuentzat urrunago geratzea, eta, ondorioz, gutxiago erabiltzea.

●      Bidaiariek ez lukete berehalako sarbiderik izango herriaren erdigunera.

Laubide

●      Tokiko ekonomia sustatzea eta erdigunea berroneratzea.

●      Zerbitzu, entretenimendu eta kulturarako sarbidea erraztuko litzateke.

●      Herritar gehiagorengandik gertuago egongo litzateke.

●      Herribusarekin konektatuta.

●      Autobus geltoki berria eraikitzeko kostu handiagoa eta obra konplexuagoa (gainazalekoa).

●      Zuhaitz eta berdeguneak kentzea ekarriko luke, eta plazaren erabilera baldintzatu (zezen plaza eta merkatua adibidez).

●      Egunean herri barrura 200 autobus gehiago sartuko lirateke, guztira 500 baino gehiago.

●      Zaratak eta kutsadura handituko litzateke auzotarrentzat.

Hiru arkuen ikurra Udalatxen?

Hainbat mozio izan ziren atzoko saioan. Batetik, Bizitza plataformak aurkeztutako bi: Herritarren eta Bizitzaren Kulturaren aldeko mozioa eta Covid-19aren kudeaketaren ebaluazio publikoaren aldeko mozioa. Biak ala biak, atzera bota zituen udalbatzak, aho batez.

Bestetik, duela hilabete kendu zuten Udalatxeko gurutzea ere berbagai izan zen. EAJk eta Arrasateko Talde Sozialistak aurkeztutakoa izan zen lehena, "ekintza bandaliko" hori gaitzestea eskatzen zuen. "Horrez gain, ikertzen jarraitzea eta errudunak zigortzea ere eskatzen dugu, eta baita gurutzea berriro jartzea ere", azpimarratu zuen Garayk. Hala ere, Gobernuaren kontrako botoekin, ez zuen aurrera egin mozioak.

Hain zuzen, Udal Gobernua osatzen duten bi alderdiek beste mozio bat aurkeztu zuten gai horren harira eta onartu egin zuten. Kepa Urteagak, EH Bilduren Udal Bozeramaileak, zera adierazi zuen: "Funtsean, lau erreakzio piztu ditu ekintzak: Mina, amorrua, indiferentzia eta poztasuna. Honi aurre egiteko modu egokiena adostasunetara heltzen saiatzea. Elkarrizketa bidez adostu gurako genuke Udalatxen egin beharrekoa. Berriz gurutzea jartzeak iritzi kontrajarriak ekarriko lituzke. Beraz, herriko beste mendi batzuetan dagoen hiru arkuen ikurra jartzea hausnartzea eta adostasun bat lortzen saiatzea da gure proposamena". Portaloikoa, Arbolapetakoa eta Kanpartorpekoa dira hiru arkuak.

Hiru arkuen ikurra, Besaiden. (Argazkia: Ibai Alzaga, Mendiak).

Udalako bizilagunak kexu dira

Azkenik, Udala auzoko bizilagun talde batek haien ezinegona azaldu zuen osoko bilkuran. Aitor Murgoitiok hartu zuen hitza, bizilagunen izenean, eta, "autoen masfikazioak Udala auzoan eragindako askotariko arazoak" aurkeztu zituen.

Aitor Murgoitio, auzoan dituzten arazoen berri ematen.

Besteak beste, salatu zuen 17 urte direla auzoa urbanizatzeko plana onartu zenetik eta, ordutik, ez dela aurrerapausorik eman. Horrekin batera, azken urteetan Udalan autoen masifikazioa nabarmen hazi dela nabarmendu zuen: "Guztiok ezagutzen ditugun arazoak sortzen ditu horrek: berdeguneen okupazioa, mendi bideen sarbideen okupazioa, baserriko lanak askatasunez egiteko ezintasuna, nekazaritzako makineria erabiltzeko zailtasunak, etxebizitzetarako sarbideak oztopatuta, errepidearen okupazioak sortzen dituen arriskuak...".

Gainera, horren guztiaren aurrean, Udal Gobernuak "jarrera pasiboa" duela ere azaleratu zuten. "Ez dugu ulertzen zein arrazoi dauden tarteko auzoko egoeraren aurrean soluzio estrukturalak ez inplementatzeko".

Udalako auzotarrak, osoko bilkuran.

Udal Gobernuak kexak aintzat hartuko dituela adierazi zuen Urteagak, eta horretan lanean jarraituko dutela. "Gaiaren gainean gaude. Bizilagunekin hainbat eta hainbat harreman izan ditugu, eta haien haserrea plazaratu digute eta adostasun batzuetara ere iritsi gara. Askotariko auzoa da eta ikuspuntu ezberdinak dituzte; beraz, lanean jarraituko dugu eta ez dugu etsiko adostasunetara heldu arte".

Ander Garay jeltzaleak ere "hausnartu beharraz" hitz egin zuen. "Guk ere, EAJ moduan, azterketa bat egin beharko dugu, beharbada guk ere ez dugulako asmatu agintean egon izan garenetan".

Autoak gaizki aparkatuta Udala auzoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak