Udalatxeko beheko gurutzea iragana da

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urr. 18a, 08:07

Udalatxeko beheko gurutze kendu berritan, eta gurutze hori jartzeko lanak. (Argazkiak: Goiena, Pepe Arregi eta Guregipuzkoa.eus).

Joan den zapatuan, urriak 12, mendizaleen omenezko gurutze barik iratzarri zen Udalatx. Udalak ikerketa abiatu du, oraingoz emaitza garbirik eman ez duena, eta azpimarratu du gurutzea ezingo dutela berriz jarri, 2016tik gune babestua delako.

Beheko gurutze barik eta olerki batekin esnatu zen zapatuan Udalatx. Olerkiak, tartean, honako hau zioen: Gurutze Santua da. Zen. Horrek dakarren guztiarekin. Hartzen duen pisuarekin.

Udaltzaingoak ikerketa bat abiatu zuen hori jakin bezain pronto, eta oraindik ere ikertzen jarraitzen du. Udal ordezkariek azaldu dutenez, ikerketa ez da ari "emaitza ziurrik" ematen. "Izan ere, gurutzea zegoen ingurua garbi agertu da, eta ez dago gurutzearen zantzurik. Gainera, kokapenak eta gauez egin izanak lekuko presentzialen falta ageria ekarri du".

Arrasateko Udalak natura-gune bezala babestu zuen Udalatx 2016an, eta, beraz, udal ordezkariek azaldu dute ezingo dutela gurutzea berriz jarri, nahiz eta EAJk, esaterako, gurutzea berriz jartzeko eskaera egin. Era berean, Udala herriko hainbat eragilerekin bildu da; Besaide Mendizale Elkartearekin, Mondraitzekin edota Arrasate Zientzia Elkartearekin, besteak beste. Azken horrek desadostasuna adierazi du gurutzea kendu duten moduan kentzearekin, "arrasatear askok bere egin zuten ondare-elementu bat behin-betiko desagerrarazi dutelako".

Jan Da Lo taldearen ekimena

Udalatxeko bi gurutzeak jartzea Jan Da Lo mendizale taldearen ekimena izan zen. Lehena, goiko tontorrekoa, Angel Balzategi Erregetxo mendizale arrasatearraren omenez jarri zuten, eta bestea, hildako mendizale guztien omenez. Erregetxo 1971ko abuztuaren 27an hil zen, eta "inork baino hobeto" ezagutzen zuen Udalatx, Josemari Velez de Mendizabal historialariak azaldu duenez. "Diotenez, egun batzuetan bi edo hiru aldiz ere igo izan zen tontorreraino, batez ere, bidea ezagutzen ez zuen norbaitekin topo eginez gero, hari laguntzearren. Erregetxo-k asmatu zuen Jan da lo oihua. Tontorretik botatzen zuen, Udalatxera ez igotzeko aitzakiaren bila zebiltzanak esnatzeko asmoz".

Velez de Mendizabalek nabarmendu duenez, Erregetxo-ren inguruan lagun talde bat osatu zuten. "Jesus Jauregi arrasatearrak dokumentu interesgarri bat idatzi zuen Udalatxeko gurutzeen nondik norakoak azaltzeko, eta, hark dioenez, Jan Da Lo taldeko kideak honako hauek ziren: Juan Axpe, Nikolas Agirre, Ignacio eta Alberto Balzategi, Javier Bergaretxe, Daniel Gaztañaga, Gerardo eta Jesus Jauregi eta Gregorio Layana". Hain zuzen ere, haiek erabaki zuten gurutzea jartzea.

Garai hartan, Alvaro Arregi zen Besaide Mendizale Elkarteko presidentea, eta, kontatu duenez, "erlojuaren aurkako proba moduko bat" izan zen. "Erregetxo hil eta hilabete eskasera, gurutzea tontorrean zegoen", dio. "Lehenbailehen jarri gura zuten gurutzea, baina ez zuten baimenik. Hala, Udalak eta Elizak eskaera egin ez zutenez, Besaide Mendizale Elkartea zen beste aukera, eta niri deitu zidaten. Garbi utzi nien nigatik izango balitz ez zela gurutzerik jarriko, baina zuzendaritza batzordean planteatu nuen eta, batzuk harritu egin baziren ere, kontrako iritzirik inork ez zuen eman. Beraz, baimena eskatu genuen Gobernuan".

Igotzeko, teknika berezi bat

Erregetxo-ren omenezko gurutzea bestea baino txikiagoa zen eta Roman Lopez Rubiok diseinatu zuen. Talleres Arrasaten eta Alecopen prestatu zuten. Metro eta erdiko altuera zuen, eta 80 kilo inguru. Urte hartako irailaren 25ean jarri zuten tontorrean, Jose Luis Iñarra parrokoak Erregetxo-ri jarritako bertsoak zeuzkan plakarekin batera.

Bigarrenak, kendu berri dutenak, "prestaketa zailagoa" izan zuen, handiagoa zelako. "Oñatiko Igartua tailerrean egin zuten proiektua. Zutabeak 250 kilo zituen, eta hamar metroko luzera. Gainera, gurutzearen besoak eta bestelako materiala ere igo behar izan zituzten".

Hala, bigarren gurutzea urriaren 2an igo zuten, eta, horretarako, 70 bat lagun bildu ziren Udala auzoan. Batzuek zutabe nagusia igo zuten eta beste batzuek, gurutzearen besoak eta bestelako materialak. Ramon Ugalde historialariak dioenez, txingaerute eran igo zuten, horretarako propio asmatutako teknika berezi batekin: "Bide zuzena barik, Txukurrillokoa hartu zuten, bertako zelaia malkartsua izan arren garbiagoa baita halako garraio bat egiteko".

Mezarekin inauguratu zituzten

1971ko urriaren 12an inauguratu zituzten bi gurutzeak, Iñarrak esandako mezarekin. Egun hartan, goizean goizetik mendizaleak Udalara gerturatzen hasi ziren, gorantz abiatzeko, eta jende asko batu zen. Hurrengo eguneko egunkarien arabera, 2.000 herritar inguru batu ziren. "Gero, ordea, euria hasi zuen eta askok beherako bidea hartu zuten inaugurazio ekitaldiari ekin aurretik eta 300 bat lagun geratu ziren", dio Velez de Mendizabalek.

Parrokoak, meza esateaz gain, hildako mendizaleen omenez hark egindako bertsoak kantatu zituen. Halaber, Lore Gazteak dantza taldeak dantzaldia egin zuen eta txistulariek Agur Jaunak jo zuten. Ekitaldia amaitzeko, Udala Mendi abestia kantatu zuten, Manuel Lekuonak idatzi eta Juan Arzamendik musikatu zuena. Orduko hartatik 53 urte bete ziren egunean desagertu zen gurutzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak