Oinarria eta gurutzearen zutoin nagusia geratzen dira orain, eta zutoin horren goiko aldean more koloreko zerra bat eta gaurko data idatzita.
Zutoinean itsatsita dagoen olerkia
Izan zitekeen harri, zutargi, mugarri edo oroigarri.
Izan zitekeen egur, enbor, lore edo landare.
Izan zitekeen arrano, ahuntz, bele edo sai.
Izan zitekeen aizkora, piolet, lai edo igitai.
Baina ez. Gurutze Santua da. Zen.
Horrek dakarren guztiarekin. Hartzen duen pisuarekin.
Eta bai. Hau ere omenaldi bat da. Orduan, eta harrezkero, zendutako mendizaleei eginikoa, ere bai.
Burdin puska honek daukan zama arinduta gainera. Historia guzti hori kentzen da haien motxiletatik.
Hegan egin ditzaten, haien ametsek, Marirekin batera, geure mendi eta bailaretan.
Libera ditzagun guztiak; arbasoen ametsak, sorginak, mendia eta Lurra, botere zapaltzaile guztien atzaparretatik at.
Zer gertatu den ikertzera
Arrasateko Udalak oharra kaleratu du X sare sozialean eta gertatu dena ikertzeko asmoa azaldu du bertan: "Udalatx mendia gurutze gabe agertu da gaur. Ikertu beharko dugu zer den gertatu dena, eta, datozen asteetan, mendizale elkarte eta eragileekin elkartuko gara gaia sakontasun gehiagorekin aztertzeko, eta hartu beharreko erabakiak elkarlanean hartzeko".
Gurutzearen historia
Josemari Velez de Mendizabalek kontatutakoaren arabera, Oñatiko Igartua tailerretan egin zen hildako mendizaleen omenezko gurutzearen proiektua; zutabeak 250 kiloko pisua eta hamar metroko luzera zituen.
Gurutzearen zutabea bera ez ezik, haren besoak eta materiala ere igo behar ziren, ordea, Udalatx gainera, eta baita hura ipintzeko oinarria egin ere, pika eta mailua erabilita. 1971ko urriaren 2an egin zuten hitzordua zeregin horietarako. 14:30ean, 60 lagun elkartu ziren Udala auzoan, gorainoko tipi-tapari ekiteko; eta horien artetik hogeik gurutzearen zutabea igo zuten, hamarna lagun ipinita alde bakoitzean. Minutu batez ibili eta beste bi minutuz atseden hartu; abisuak txilibituarekin emanez. Hala, 17:00etan iritsi ziren zamarekin tontorrera. Zutoinari besoak jarri eta osotasuna jasotzeari ekin zioten, soka, palanka eta beso indar askorekin. Behin zutik, etxafuegoak bota zituzten. Hamar egunetara, urriaren 12an, inauguratu zuten, Angel Baltzategi Erregetxo-ren omenez jarri zuten gurutze txikiarekin batera.
Udalatx-zaleek eskatuta
Alvaro Arregi zen orduan Besaide mendi elkarteko presidentea. Haren hitzetan, Udalatx-zaleen proposamena jaso zuten mendi elkartean, gurutze horiek igo ahal izateko eskaera formala egin behar zitzaiolako orduko Gobernadore Zibilari. "Udalatx zen inguruan gurutzerik ez zuen tontor bakarrenetakoa, eta Besaidekook ez geunden ados Udalatxen gurutzeak jarri behar izate horrekin, baina onartu egin genuen, eta igotzen lagundu. Egia esan, jende asko batu zen lan hori egin ahal izateko, gurutze handia oso pisutsua zelako", adierazi zion Goienari.
Mendi martxa
Aiba! mendi martxaren eguna dela-eta jende ugari ibili da gaur inguru horretan, izan ere, Udalatxetik ere igaro dira parte-hartzaileak.