Aurten ere, aurreko urteetan adosturiko urratsei jarraipena eman nahi izan dio Arrasateko Udaleko Bizikidetza Batzordeak, Memoriaren Eguna hildako biktimei aitortza ekitaldiak egiteko baliatuz eta, bide horretan, "Arrasateko herriarekin lotura estua duten biktimak aitortuz eta oroituz".
Udalbatzan ordezkaritza politikoa duten lau alderdien arteko elkarlanari eta adostasunari esker, "motibazio politikozko indarkeriak eragindako Giza Eskubideen urraketen biktima den" Emilia Larrea Saez de Adana oroitu eta aitortuko dute aurten eta osoko bilkuren aretoan egingo dute ekitaldia, domekan, 11:00etan hasita. "Arrasatear guztiei dei egin diegu ekitaldira etortzeko".
Duela 46 urte hil zuten
Argituzek 2018an egindako Memoria partekatu baterantz. 1956-2018 Arrasate-Mondragon liburuan jasotakoaren arabera, Guardia Zibilak hil zuen jaiotzez eskoriatzarra zen Emilia Saez de Adana, 52 urte zituela: Eskoriatzakoa zen jaiotzez eta Arrasateko Larrea baserrian bizi zen. Hiru semeren ama zen. Etxean eta baserrian egiten zuen lan, eta arrautzak eta ortuko barazkiak saltzen zituen. 1978ko azaroaren 15ean baserrian zegoen, Jesus Murgiondo semea eta Crescencia Vidaurreta auzokidearekin eserita; bisitan joan zitzaien azken hori, alabarekin batera. Egun horretan bertan, arratsaldez, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideek Aretxabaletako kuartela metrailatu zuten. Kaleko jantzita zihoazen hainbat agentek Arrasateraino jarraitu zituzten, eta tiro egin zieten: kideetako bi hil zituzten eta beste kide bat eta bi oinezko zauritu zituzten. Hiru minutu igarota, Arrasateko hainbat guardia zibil agertu ziren bertara, baina uniformerik gabeko guardia zibilak ezagutu ez eta tiro egin zieten. Balek ez zituzten guardia zibilak jo; bai, ordea, Emilia Larrea. Lepoan jo zuen bala batek, eta bertan hil zen. Beste bala batek Crescencia Vidaurretaren izterra jo zuen. Zenbait egun igarota, bi guardia zibil gerturatu ziren baserrira barkamen-eske: alarguna negar batean atera zen eta, mesedez, joan zitezen eskatu zien. Gertakariek ez zuten inongo zigorrik eragin. Familiak indarkeriaren biktimatzat onartzeko eskaria egin zuen Indarkeriaren Biktimen Legearen babesean, baina Barne Ministerioak ukatu egin zuen eskaria. Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren esparruan, biktima-izaera onartu die bai Emilia Larreari, bai Crescencia Vidaurretari.
Zortzi urte elkarlanean
2016an memoria eta bizikidetza lantzen hasi zen Arrasateko Udala. Hala, udalbatzan ordezkaritza politikoa zuten alderdien arteko elkarlana eta oinarrizko kontsentsuei esker, 1936-2018 urteen artean herrian izandako eta Arrasateko herritarrek pairaturiko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen memoria berreskuratzeko pausuak eman zituzten. "Egindako memoria ikerketei jarraipena emate aldera eta hauek oinarri bezala harturik, biktima guztien oroimen eta aitortza bideari hasiera eman zitzaion", azaldu du Jasone Giraldok, Bizikidetza Batzordeko kideak.