Mesedetako ikastetxea izandako eraikinean cohousing edo etxebizitza komunitarioen eredua ezartzeko duen proiektua aurkeztu du asteon ISEA enpresako kide Aitor Orobengoak. Azaldu duenez, proposamen berriak 83 lagunen ekarpenak jasotzen ditu.
Udalak "begi onez" ikusi du eraikina halako proiektu baterako erabiltzea, baina, era berean, bideragarritasuna ondo aztertu beharko litzatekeela uste du. Izan ere, Udalaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa beharko luke proiektuak, inbertsio potoloa izango litzatekeelako. Horrez gain, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra ere aldatu egin beharko litzateke, gaur-gaurkoz planak jasotzen baitu eraikin hori hezkuntzara bideratu behar dela.
Eta proiektua gauzatzea erabakitzen bada, lehiaketa publikora irten beharko litzateke, esleitua izateko.