Gazteentzako ikasgela autonomoa jarriko dute Kulturaten

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urr. 22a, 19:18

Azaroaren 4an hasiko da zerbitzua ematen baina, horretarako, txartela eskuratu beharko dute erabiltzaileek, urriaren 28tik aurrera, udal webgunean. Izan ere, txartel elektronikoarekin funtzionatuko du sarrerak eta 09:00etatik 01:30era egongo da erabilgarri gela.

Arrasateko Udalak gazteentzako ikasgela autonomo bat jarriko du martxan azaroaren 4an. Gladys Fernandez Belaunaldiarteko zinegotzia eta Andoni Arratibel Kultura zinegotzia izan dira zerbitzuaren aurkezpenean eta Fernandezek azaldu du gazteen eskaera historikoa dela Arrasaten ikasgela autonomo bat egotea. "Azterketa garaiak oso gogorrak izaten dira eta askotan etxean ez dira isiltasun eta kontzentrazio baldintzak betetzen. Gainera, liburutegiaren ordutegia mugatua da, eta, ondorioz, ikasteko gela honek aukera berriak eskaintzen dizkie gazteei beraien ikasketak burutzeko prozesuan".

Seber Altube plazan dagoen atetik izango du sarrera (pintura gelara joateko erabiltzen den atea), eta txartel elektronikoa beharko da sartzeko. "Gaur egun liburutegitik sarrera duen ikasgela berbera izango da, baina aurrerantzean Seber Altube plazatik sartu beharko da, txartel pertsonalizatu bidez" dio Arratibelek. Txartela eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa izango da 16 urte baino gehiago izatea eta Arrasaten erroldatuta egotea.

Nabarmendu dutenez, 2025eko uztailaren 30era arte proba moduan funtzionatuko du zerbitzuak. "Tarte horretan, egiten den erabileraren arabera, ordutegi edo erabilera irizpideak aldatu daitezke, betiere, zerbitzua hobetzeko edota zerbitzuaren erabileraren ondorioz eratorritako aldaketak ezartzeko". 

Espazioa zaintzeko erabilera irizpideak ezarri ditu Udalak. Izan ere, ikasgelaren zaintza "ardura kolektiboa" dela adierazi du Arratibelek, bertako edukiera, isiltasuna, altzariak eta garbitasuna errespetatuz.

Udaleko zinegotzi Gladys Fernandez eta Andoni Arratibel ikasgelaren atarian, txartelak erakusten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak