Doneztebe Portukoko lursailetan 50 aparkaleku sortzea proposatu du EAJk

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urr. 16a, 13:00

Santa Teresa auzoko birgaitze lanek iraun bitartean Doneztebe Portukoko lursailetan aparkalekuak sortzea proposatu du EAJk; "maldaren aurrean kokatuta, modu azkar eta errazean sortu daitezke, auzoko aparkalekuen arazoa arinduz", nabarmendu dute.

Abian dira Santa Teresa auzoko birgaitze lanak eta, hori baliatuta, prentsa agerraldia egin du Arrasateko EAJk, proposamen zehatz bat egiteko: Doneztebe Portukoko lursailetan 50 aparkaleku egitea. Haien esanetan, 2022ko abuztuan igogailuak instalatzen hasi ziren obrek, eta 2024ko irailean urbanizazio-lanekin jarraitu dutenek, "arazo larri" bat sortu dute: aparkalekuak galtzea. "Hasi berri dituzten lanek 70 plaza baino gehiago kendu dituzte eta, obrak amaitzean, aparkatzeko leku erabilgarriak %20 murriztuko direla espero da, dagoeneko kritikoa den egoera areagotuz", azaldu du Ander Garayk, jeltzaleen udal bozeramaileak.

Horri erantzuteko helburua du, hain zuzen, haien proposamenak. "Doneztebe Portuko kalearen goialdean kokatutako lursailetan aparkalekuak handitzeko aukera aztertzea eskatzen dugu, baita etorkizuneko berrurbanizazio proiektuetan erabilgarri dauden plazak aztertzea ere. Funtsean, zenbat aparkaleku galduko diren jakin eta beharrezkoa den lekuetan alternatiba bideragarriak aurkeztea eskatzen dugu". Jeltzaleek kalkulatzen dute Doneztebe Portukoko lursailetan, maldaren aurrean kokatuta, 50 aparkaleku inguru sor daitezkeela "modu azkar eta errazean", aparkalekuekin dagoen "arazoa" arintzeko.

Esku-hartze horrek auzotarren bizi-baldintzak hobetzea ekarriko lukeela uste dute. "Proiektua funtsezkoa da, eta auzoaren bizitza nabarmen hobetzen lagunduko duela uste dugu, baina ezin dugu aparkalekuaren arazo berri bat sortu. Udal Gobernuak ikuspegia izan behar du egoera honi aurre egiteko eta aurreratu egin behar da. "Ez gara soilik urbanizazioa hobetzeaz ari, baizik eta auzotarrek eguneroko arazoei, hala nola, aparkaleku faltari, irtenbide errealak eta praktikoak izatea bermatzeaz", dio Garayk.

PSE-EErentzat, plan onuragarria

Arrasateko sozialistek, halaber, adierazi dute "oso onuragarritzat" jotzen dutela Santa Teresa auzoaren birgaitze integralaren planaren hasiera. Aritz Murua udal bozeramaile sozialistak proiektu horren garrantzia azpimarratu du. "Santa Teresako bizilagunekiko konpromisoa dugu, gure alderdiarentzat lehentasuna baitira. Plan honekin bizi-kalitatea nabarmen hobetuko zaie, ongizate kolektiboa hobetzearen aldeko apustu garbia baita plana, etorkizuneko belaunaldientzako auzo modernoagoa, irisgarriagoa eta iraunkorragoa bultzatuz". 

Arrasateko Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleak berriz urbanizatzeko lanetara 7,2 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak. Horietatik lau milioi fatxadak birgaitzeko izango dira eta hiru milioi pasa dagoeneko hasita dagoen berrurbanizaziorako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak