Lankidetza-hitzarmenaren arabera, Elkar-Lan, S. Coop., PTGaraia komunitatearen parte izatera igaroko da. Gainera, akordio honen helburua Elkar-Lan, S. Coop. sozietateari balio erantsiko zerbitzuak eskaintzea da, eta, horrez gain, Elkar-Lan, S. Coop. sozietateak sustatutako kooperatibei ere eskaintzea, halakorik eskatzen badute. "Garaiaren lana beti izan da ekintzailetza eta kooperatibismoa bultzatzea. Garaiak eskainiko dio Elkar-Lani bertako baliabide eta zerbitzuak modu errazago batean edukitzea, euren ibilbidean laguntzeko", adierazi du Albizuk. Hurrengoak dira Garaiak zehaztu dituen balio erantsiko zerbitzuetako batzuk: "bilerak, hitzaldiak, jardunaldiak... egiteko espazioak erabiltzea; jarduerak eta albisteak sustatzea eta zabaltzea; parkeak antolatutako networking, talentu, inbertsio, ZTIM... ekintza eta jardunaldietan parte hartzea; harremanetarako, inbertsiorako eta lankidetzarako sareetarako sarbidea izatea...".
Era berean, Sanzek nabarmendu egin du lankidetza-hitzarmenak duen balioa: "Akordio honek lankidetza ekarriko die bi erakundeei. Horri esker, kooperatiba-enpresa berriek Garaia Parke Teknologikoa bezalako harrera-ingurunea izango dute, eta, aldi berean, gure erakundeak aholkularitza emango die kooperatiba abian jartzeko prozesuaren hasierako fasean; ondoren, lehen urteko jarraipena ere egingo die".
Akordio honen ostean, Garaia Parke Teknologikoak adierazi du "enpresa-garapena bultzatzen" jarraituko duela, "bere ekosisteman negozio-aukera berriak eta sinergiak sortuz eta enpresen hazkunderako zerbitzuak eskainiz".