Urriaren 19an, larunbata, Gipuzkoako Adineko Pertsonen Martxaren 33. edizioa egingo da Arrasaten. Gipuzkoako Erretiratuen eta Pentsiodunen Federazioak eta Arrasateko Udalak elkarlanean antolatu dute egitasmoa. 2006. urtean martxa bera egin zen herrian eta orduko esperientzia gogoraraztea dute helburu.
Udalaren eta herrian dauden lau jubilatu-etxeen erakutsitako jarrera azpimarratu ditu Elkoroiribek. Oraingoz, dena bere bidean doala gaineratuz. Parte-hartzeari dagokionez, orain lehen baino jende gutxiago elkartzen den arren, oraindik ere badira ehunka batzuk.
Zazpi kilometroko martxa eta bazkari herrikoia dira egitarauaren oinarri nagusiak. Arrasateko gizarte-etxeetatik diseinatu dute arrasatearren ingurune naturalaz gozatzeko martxa. Ibilbide erakargarria eta ia aldaparik gabea izango da. Jasone Giraldok, Arrasateko Udaleko Ongizate Zinegotziak, ibilbidea nondik pasako den azaldu du: "Ibilbide zirkular bat izango da, arrasatear guztiak ezagutzen duten zazpi bat kilometrotakoa. Herriko plazan emango zaio hasiera eta garbigunerantz joango da. Monterronetik pasa eta Biterin egingo dute geldialdia. Ostean berriz ere itzuliko da Monterronera eta Musakolan emango zaio amaiera".
Musakolan martxa bukatuta bertako kiroldegian hartuko du lekua bazkariak. Arrasateko Udalak, gainera, antolatzaile moduan hartuko du parte, egitarauak eta ibilbidearen kudeaketak nahiko lan suposatzen dutela kontuan hartuta.
Urriaren 19an, lurralde osotik gerturatuko dira adineko pertsonak Arrasatera. Adineko pertsonak gizartean aktibo gisa hobeto ikusteko eta elkartegintza eta parte-hartzea sustatzen lagunduko du ekimenak.