Urteroko ohitura gisa hartu dute batzuk Maritxuri loreak eskaintzea, beste batzuentzat aldiz, aurreneko urtea da. Badaude eguerdiko 12:00ak iritsitakoan zerbaitengatik topa egiten dutenak, eta baita ordu horretan kuadrillan elkartu eta kalera ateratzen direnak ere, guztiak, Maritxu egunaz gozatzeko asmoz.
12:00ak bueltan hasi dira herritarrak eskapularioak erosten. Herriko hainbat txokotan izan dute egun osoan soinean eramango duten lepokoa erosteko aukera, eta aurtengoa, gainera, "nahiko berezia" dela aitortu dute Komisiñoko kideek eta herritarrek: "Urtero saiatzen gara aldarri bat egiten. Egun osoan arrasatear guztiek soinean eramango duten zerbait da, eta oso garrantzitsua da bertako mezua".
Goiz eta arratsalde osoko jaiaren ostean, Herriko plazan elkartuko dira arrasatearrak Maritxu eguneko ekintza berezienean: mirarian. Komisiñoko kideek ez dute ezer aurreratzerik nahi izan, baina herritarrei plazan batzeko gonbita luzatu die.
GOIENAren photocall-a
Goiena Komunikazio Taldeak kuadrillek talde argazkiak ateratzeko photocall-a jarri du Herriko Plazan, urteroko legez; eta goizean hasi eta arratsaldera arte izango dute herritarrek bertan argazkia ateratzeko aukera.