Datozen bost urteetarako Mugikortasun Jasangarrirako Plana aurkeztu du Udal Gobernuak, "Arrasate bizigarriagoa" oinarri hartuta. Bost ardatz nagusi izango ditu planak eta lehena oinezkoentzako espazio zabalagoak eraikitzea izango da, Garazi Etxeberria Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez. Hala, oinezkoentzako mugikortasuna errazteko, espaloi zabalagoak sortu gura dituzte, baita aisialdirako gune berriak sortu ere, haur parkeak izan daitezkeen eremuak sortzearekin batera. Halaber, ikastetxe inguruetan "baketze eremuak" ezartzea da asmoa. "Hau da, haurren segurtasunerako autoen mugikortasuna gutxitzea".
Horrekin batera, mugikortasun bertikal "eroso eta irisgarriak" bermatzeko, hiru igogailu berri egitea aurreikusten du Gobernuak: batetik, Gorostiza auzokoa eta Altamirako azken igogailua, aurreko planean gauzatu gabe geratu zirenak; bestetik, San Andreskoa, Maiatzaren Bata plaza eta Arrasate pasealekua konektatuko dituena.
Bizikletari garrantzi handia
Etxeberriak nabarmendu du "funtsezkoak" direla herria bizikletaz "modu seguruan" zeharkatzeko modu berriak. "Hala, bidegorri konektatuak, erosoak, seguruak eta erakargarriak egitea da lehentasunetako bat, eta aparkaleku estaliak eta seguruak sortzea bizikletendako –lur azpiko parkingetan, esaterako–".
Bost disuasio-aparkaleku
Plan berriak jasotzen du bost disuasio-aparkaleku egiteko azterketa, honako gune hauetan: Zalduspen, egun autobus geltoki nagusia dagoen lekuan; San Andres auzoan; Uribarrin, unibertsitate ondoan; Bizkaia etorbidean; eta Fagor Arrasate dagoen industrialdean. "Arrasatera pertsona asko datoz lanera edo ikastera, eta, haiei garraio publiko duina eskaintzeko beharraz gain, aparkalekuen beharrari soluzioa eman behar zaio. Modu horretan, bost gune horietako batean autoa utzi eta erdigunera garraio publikoan joateko aukera eskaini gura dugu, erdiguneko trafikoa murrizteko. Hala, erdiguneko aparkalekuak bizilagunendako izango dira".
Noranzko bakarreko errepideak
Kale batzuetan noranzko bakarreko errepideak jartzea proposatzen du planak, eta horrek herritarrengan hainbat onura dituela azaldu du Etxeberriak: "Oinezkoek eta bizikletek espazioa irabaziko dute; bizilagunentzako aparkalekuak mantendu egingo dira; plaza edo elkargune berriak sortzeko aukera emango du, berdeguneak sortzeko aukera emango du eta zarata eta CO2 emisioak gutxitu egingo dira".
Autobus geltokirako bi aukera
Azken urteetan hizpide nagusietako bat izan da autobus geltokiaren kokalekua, eta horri ere heldu gura dio Udal Gobernuak. Hala, azaro erdi inguruan galdeketa bat egin gura dute, eta herritarrei bi aukera eman: geltokia Zalduspen mantendu edo Arizmendiarrieta plaza inguruan jarri. "Zalduspek aukera asko ditu, baina herritarrak entzun nahi ditugu eta erabakia haiekin batera hartu. Galdeketaren erabakia ez da loteslea izango, baina kontuan izateko konpromiso osoa hartuko dugu".
Galdetegiaren xehetasunak datozen asteetan iragarriko dituzte, proposamen bakoitzaren aukerak eta eraginak aztertuta. Gainera, Etxeberriak zehaztu du herribusaren lineak urtebete barru berritu egingo dituztela eta helburua "auzoak autobus geltoki berriarekin konektatzea" izango dela, izan Zalduspen edo Arizmendiarrieta plazan.
Hainbat esku-hartze martxan dagoeneko
Proiektuak epe luzeko begirada duen arren, Udal Gobernuak hainbat esku-hartze egingo ditu agintaldi honetan: "Musakolako bidegorri zati berri bat egingo dugu, eta proiektua idazten ari dira; Uribeko bidegorriaren proiektua berrikusi eta zati bat egingo dugu; jada martxan dauden Santa Marina eta Altamirako lehen fasearen irisgarritasun eta berrurbanizazio lanak egingo ditugu; baketze-guneak sortuko ditugu ikastetxe inguruetan haurren segurtasunerako –adibidez, San Andresko Herri Eskola ondoan–; eta hirigintza taktikoa martxan jarriko dugu, obrarik egin gabe, errepideak oinezkoendako bilakatuz, epe motz edo luzerako. Azkenik, mugikortasun jasangarrian formakuntza eta kontzientziazio kanpainak egingo ditugu".
Aurkezpena, auzoz auzo
Plana auzoz auzo aurkeztuko du Gobernuak, sei saiotan, eta herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute abendura arte. Honako hauek izango dira saioak:
- Urriak 7 - Erdigunea - 18:00 - Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.
- Urriak 8 - Uribarri-Erguin - 18:00 - Erretiratuen etxean.
- Urriak 10 - Baserri auzoak - 18:00 - Udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
- Urriak 15 - Santa Marina - 18:00 - Auzo-alkatetzan.
- Urriak 17 - San Andres - 18:00 - Etxaluzen.
- Urriak 21 - Musakola - 18:00 - Erretiratuen etxean.
EAJ: "Arrasate 'scalextric' bilakatuko da"
EAJk uste du planak "hobeto landu eta hausnartu beharreko arlo asko" dituela, "herritar guztien beharrei erantzun egokia emateko". Izan ere, Arrasate "scalextric" bilakatuko dela uste dute jeltzaleek, eta planak "arazoak" sor ditzakeela hainbat esparrutan; besteak beste, autobus geltokiaren kokapenean. "Beraz, herritarrek galdetegia bete aurretik informazio osoa eduki dezaten eskatzen dugu".
Beste puntu "kezkagarri" bat "273 aparkaleku desagertzearena" da, Ander Garay jeltzaleen bozeramailearen iritziz, "eta horietako 149 egoiliarrentzako TAO aparkalekuak izango dira".
Horrekin batera, zera dio: "Zarugalde osoa oinezkoentzat izango da, baita San Andresko Doctor Bañez kalearen erdia, Etxetxikiak kalearen erdia eta Uribe auzoko egungo errepide nagusia. Horrez gain, Uriburu kaleko etxebizitzen ondoan joango da errepidea, eta Ignacio Zuloaga kalea errepide nagusi bilakatuko da Munarko noranzkoan".
Horregatik, herritarren parte-hartzea ezinbestekotzat dute jeltzaleek, plana "hobetu" ahal izateko. "Beraz, sei bilera horietan parte hartzera animatzen ditugu arrasatearrak, haien ekarpenak egin ditzaten".