Goizeko saioan, sindikalizazio estrategia eta ekintza sindikala landu dituzte, baita bi hanka horiek nola uztartu ere. "Langile ahalik eta antolatu eta ideologizatuekin nola gauzatu eraldaketa eta nola lortu lan eta bizi baldintza hobeak", adierazi du Oihana Lopetegik, LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduradunak.
Ipar Hegoa Fundazioko eta Aztiker Soziologia Ikerguneko ordezkariek hainbat datu mahai-gaineratu dituzte: gatazka eta borroken ondorioak lan baldintzetan, afiliazio eta hauteskunde sindikalen bilakaera edota langileriaren pertzepzioa sindikatuekiko. Eta ondorioa da LAB "ondo kokatua" dagoela, Oihana Lopetegiren esanetan: "Ideia nagusia da LAB ondo kokatua dagoela, LABen sindikalismo berria ulertzen ari dela eta bilakaera positiboa izaten ari dela".
Ikasturteko lan-lerro nagusiei buruz galdetuta, asko izango direla azaldu du: bertako gutxieneko soldata, osasungintza publikoa, jardunaldi murrizketa… Eta horien guztien lehentasun nagusia "langileen aldarrikapenak erdigunera ekartzea" izango dela gehitu du, "bai lan baldintzei eta bai bizi baldintzei dagokienez".
Bazkaltzeko egindako etenaren ondoren, Kulturaten jarraitu dute lanean.