Denboraldia hasi berritan daudela aprobetxatuta, ART osatuko duten talde guztien aurkezpena egin zuen klub zuri-moreak Portaloian, urteroko jatekoaz eta edatekoaz lagunduta. Urteroko hitzordua izaten den arren, aurtengoa berezia izan da; bada, taldeak aurkeztu ostean, Portaloitik Herriko Plazara joan eta bertan ere protagonistak izan ziren errugbi taldea osatzen dutenak; izan ere, Maritxu Kajoiren Nobenaixuaren baitan Urrezko Inbutua jaso zuen klubak.
Senior mailako nesken taldeko kapitain Irene Dolarak jaso zuen inbutua, Maritxu Kajoiko komisiñoko kideen hitzetan, "Herrian egin duen eta egiten duen lan guztiagatik". Aurkezpen ekitaldian bertan, Ramon Barrutia zuzendaritzako kideak adierazi zuen klubaren helburua poliki-poliki betetzen ari direla, "mundu guztiari aukera bat ematea". Era horretara, eta Arrasateko kluba izan arren, euren lana "bailara osora" zabaltzen dela dio Barrutiak, eta haren hitzetan, gainontzeko herrietako errugbi zaleek ateak irekita dituzte.
Eguna bukatzeko, eskerrak eman zizkien ARTko kideek Maritxu Kajoi komisioko kideei eta klubaren bueltan lanean ibiltzen direnei. Ostean, urtero egin bezala, ardoa eta gazta banatu zizkieten plazara bertaratu ziren herritarrei.