Pertsona Nagusien Astea ospatzen dabiltza Arrasateko Nagusien Kontseiluko kideak, eta honen barruan belaunaldiarteko kapela desfilea egin zuten herriko plazan. Alfonbra gorri eta guzti desfilatu zuten sexu eta adin ezberdineko hamarnaka arrasatearrek. Ilusioz eta irribarrez, binaka edo hirunaka, desfilatzen zuten parte hartzaileek, desfilea ikustera bertaratu ziren herritarren txalo eta begirada artean.
Desfilea egiten den lehen urtea da aurtengoa, baina asmoa ekimena herrian "sustraitzea" eta hurrengo urteetan edizio gehiago egitea dela azaldu du Joxe Urteagak, Arrasateko Nagusien Kontseiluko idazkariak: "Desfilearen helburua zerbait berria egitea da. Printipioz, gure asmoa, hau gerorako gelditzea da. Donostiatik ekarritako ideia bat da hau, eta gure asmoa hau da, finkatzen den ikustea, eta hala baldin bada ondo".
Hurrengo edizioak ere Maritxu Kajoiren bueltan antolatzea dute buruan, egun handirako motorrak berotzen joateko. Bide horretatik, Maritxu Kajoiko Komisiñuak bat egin du desfilearekin: "Maritxu Kajoiko lehendakariarekin egon ginen eta hau finkatu egin behar zela esan zigun, indarra hartu dezan". Ez da ekimenarekin bat egin duen eragile bakarra, Ibai-artek eta Arrasateko Udalak ere hala egin dute.
Desfile bat baino askoz gehiago
Helmuga desfilea izan den arren, Nagusien Kontseiluko kideek bide luzea egin dute horra iristeko. Uztailetik aurrera kapelak egiten ikasteko tailerrak antolatu izan dituzte, Nati Hernandez arrasatearrarekin batera. Urteaga pozik dago tailerrek izan duten parte-hartze altuarekin: "Parte hartze aldetik oso ona izan da. Lehenengo gure lokalean hasi ginen, eta gero Kulturatera mugitu ginen, Jokin Zaitegi gelara. Jendeak ondo erantzun du".
Horrez gain, egunean bertan ere bestelako ekintzak izan ziren. Alde batetik, Juanito Lizarralde arrasatearra urdaiazpikoa mozten jardun zen, bertaratu zirenen gozamenerako. Bestalde, Epsilon talde nafarrak kontzertua jo zuen desfilea amaitutakoan. 60., 70. eta 80. hamarkadako kantu ospetsuen bertsioak egin zituen taldeak, desfileko parte hartzaile eta ikusleak dantzan jarriz.