Alderdi Egunera joateko autobusak antolatu ditu EAJk Debagoienetik

Sara Lanz 2024ko ira. 26a, 15:11

Igandean ospatuko da Alderdi Egunaren 48. edizioa Forondako zelaietan. Arrasatetik, Bergaratik eta Oñatitik antolatu dituzte joan-etorriko bidaia egiteko autobusak. Alderdia Gara izango da leloa.

Alderdi egun “berezia”, “inoiz baino batuago” egotekoa izango dela adierazi du Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak, Alderdi Egunaren aurkezpenean. Forondatik “indarberrituta” irten nahi dutela azaldu du, egun horretan abiarazten baitute barne antolaketa berritzeko prozesua.

Jeltzaleek hamar milaka lagun bildu nahi dituzte alderdiaren jai nagusian. Goizetik arratsalderainoko egitaraua antolatu dute, aldarrikapena eta festa elkartuz. Ongi etorria eta mezarekin emango diote hasiera egunari. Jarraian, agintarien desfileak eta ekitaldi politikoak hartuko dute lekua. 13:15ean herri kirolak eta erromeria hasiko dira eta 14:00etan herri bazkaria. Ekitaldiari amaiera emateko Joseina Etxeberriak alaituko du bazkalostea. 

Gerturatu nahi duen edonori garraioa errazteko autobusak antolatu dituzte Debagoieneko hiru herritatik: 09:00etan, Oñatitik, 09:30ean, Arrasatetik eta Bergaratik; kasu denetan, autobus geltoki nagusitik. Itzulerako autobusak 14:00etan eta 18:00etan irtengo dira Forondatik. Aurrez izena ematea gomendatzen da, 661-33-85-87 telefono-zenbakira deituta.

Alderdi Eguneko eremuak 400.000 metro koadroko zabalera hartuko du, eta 20.000 bat bazkari zerbitzatuko direla aurreikusi dute. Urtero bezala txosnak egongo dira; tartean, Bergarakoa. 

#AlderdiaGara

Egunera begira alderdikideei zuzendutako traola espezifikoa zabaldu dute, sare sozialetan ekitaldira gerturatzeko arrazoia eta egun horrek duen garrantzia azaltzen duen bideo bat partekatzera animatuz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak