Ohiko aldarrikapenekin hasi dute ikasturtea bailarako pentsionistek

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ira. 23a, 13:00

Irailaren 23an, astelehena, eguerdiko 12:00etan, udako geldialdiaren ondoren, Herriko Plazara itzuli dira Bergarako Pentsiodunen Mugimenduko kideak; Arrasaten eta Oñatin berriz, hilaren hasieratik izan dira batzen, eta, baita Antzuolan ere. Guztiek helburu bera izanda; pertsona guztiendako pentsio duinak aldarrikatzea.

Eskaera ugari dituzte pentsionistek, baina, azpimarratzekoak zeintzuk diren adierazi du, gaur, astelehena, irailaren 23an, Herriko Plazan, Juanito Saizarrek, Arrasateko Pentsiodunen Mugimenduko kideak: "1080 Eurotako gutxieneko pentsioa, eta, hori osatzeko osagarriak Gobernutik ematea eskatzen dugu, aurrekontuetan sartzea eta bideratzea, miseriak baztertzen joateko; pentsiotan genero arrakala murriztea…

Juanito Saizar, Arrasateko Pentsionisten Mugimenduko kidea.

Herri Ekimen Legegile berria

Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak deituta, gainera, azken hilabeteetan prestatu duten Herri Ekimen Legegile berria aurkeztuko dute, eta eguenean, hilaren 26an, Legebiltzarrean erregistratuko dute, gutxieneko pentsioak gutxieneko soldataraino irits daitezen Eusko Legebiltzarrak araudi propioa eztabaidatu eta onar dezala. "Hilaren 26an, 11:00etan kontzentrazio bat egingo dugu Gasteizko Legebiltzarrean, EAEko pentsiodunek. Herri Ekimen Legegilea aurkeztuko dugu, eta ordezkari batzuk prentsaurrekoa egingo dute. Gu babesa adieraztera joango gara, eta autobusa antolatu dugu Arrasatetik".

Adinekoen Nazioarteko Eguna

Aldi berean, hurrengo hitzorduaren berri ere eman dute ekitaldian. Urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 30a, astelehena, aukeratu dute ospakizunerako, adinekoek pairatzen dituzten arazoak salatzeko eta haien beharrak eta eskubideak aitortuak izatearen garrantzia azpimarratzeko egun garrantzitsu gisa. Gutxieneko pentsio publiko eta duinen eskakizunak nabarmenduko dituzte, eta, bereziki, arreta eta zaintza publiko eta kalitatezko sistema baten beharra eta urgentzia, behar duten adineko pertsona guztientzat. Arazo larri honen aurrean dimentsio zabalagoa eta gizartearen parte hartzea nabarmentzeko, pentsiodunen mugimendua egun horretan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egoiliarren senideen elkarteekin batera mobilizatuko da. Era berean, Foru Aldundien eta Gasteizko Gobernuaren diskurtso propagandistak eta autokonplazienteak salatuz.

Arrasateko Pentsionisten Mugimenduko kideek ateratako talde argazkia.

Hilaren 30eko astelehena, berezia

Horren baitan, hilaren 30ean, 12:00etan, astelehen berezia izango dute. "Ekitaldi berezia egingo dugu Arrasaten. Gainera, Arrasateko Nagusien Elkargoak omenaldi bat egin nahi dute, luntxa eta guzti".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak