Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleak berriz urbanizatzeko lanak hasi dituzte

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko ira. 19a, 12:06

Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleetan egingo dituzte lanak, hain justu. Auzoa birgaitzeko helburuaz gain, etxebizitza blokeei irisgarritasuna bermatzea izango da helburua eta 3.371.371,90 euroko aurrekontua du proiektuak.

Dagoeneko hasi dituzte Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleak berriz urbanizatzeko lanak. Kepa Urteaga zinegotziak eta Izaro Agirre teknikariak eman dituzte obren gaineko azalpenak. "Prozesua joan den agintaldian hasi bazen ere, Udal Gobernuarentzat lehentasuna da auzoetako bizi-kalitatea hobetzea, batez ere zaharkituta geratu diren auzo hauentzat. Horretarako, hiru milioi eta erdiko aurrekontua onartu genuen 2024ko aurrekontuetan, lan hauek egiteko".

Auzoak estetikoki "itxura berria" hartzearekin batera, gaur egun oinarrian dituen arazoak konpondu eta berrikuntzak gauzatuko dituzte. Horien artean daude egoera txarrean dauden euste-horma berriak egitea, argiteria publikoaren sare berria jartzea eta zerbitzuen azpiegiturak berritzea (ur-hoditeria, argiztapen sistema edota saneamendua). "Lan hauek guztiak eginda, auzoak bizi-kalitatea irabaziko du".

Etxebizitzetarako irisgarritasuna

Proiektu horrek atarte guztietarako irisgarritasuna bermatuko du, eta hori "ezinbesteko lana" da Izaro Agirre teknikariarentzat, ondoren etxebizitzetako atarteek igogailuak jarri ahal izateko. "Irisgarritasuna bermatzeko, etxebizitzen inguruko espaloiak ireki beharko dira, eta horrek euste-horma berriak sortzea ekarriko du. Modu horretan, nahikoa espazio izango da igogailua instalatu eta oinezkoen pasabidea bermatzeko", azaldu du.

Dagoeneko etxebizitza batzuek igogailua jartzeko tramiteak hasi dituzte, hain justu, Doneztebe Portuko kaleko 17 atarteak eta Santa Teresa kaleko 1, 6, 8, 10, 17, 18 eta 22 atarteak. Azken kale horretako 16 atarteak dagoeneko hasi ditu birgaitze lanak. "Frankismoan eraikitako etxebizitzak dira, eta populazioa ere adinez nagusia da. Horregatik, askok, birgaitzearen aldeko apustua egin dute, efizientzia energetikoan urratsak emanez eta igogailua ezartzeko apustua eginez. Eraberritze lan hauek guztiak Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker egingo dira", nabarmendu du Urteagak.

Urtebeteko exekuzio epea

Lanak Construcciones Moyua SL enpresak egingo ditu 3.371.371,90 euroko aurrekontuarekin (2.786.257,77 euro, BEZ gabe). Proiektuak hamabi hilabeteko exekuzio epea aurreikusten du, eta espazioa berriro urbanizatzeko lanek bat egingo dute denboran etxebizitza blokeen birgaitzearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak