"Pertsona nagusien papera nabarmentzen duten ekitaldi kultural, ludiko eta sozial ugari" izango dituen ekimen bat izango dela aitortu du Nagusien Kontseiluak ohar bidez. Gainera, kontseiluko lehendakari Pili Iriartek adierazi duenez, "Pertsona Nagusien Nazioarteko eguna oroitzeko ez ezik, programak pertsona nagusien inklusioa eta parte-hartze aktiboa susatzea ere bilatzen du, belaunaldien arteko elkarreragina sustatuz". Egitarauaren aurkezpenean, eskerrak eman dizkie Iriartek "Arrasateko Udalari, Obra Social la Caixari eta egitaraua osatzen lagundu duten tokiko eragile guztiei".
Nagusien Astea 27an hasiko da, Arrasateko Nagusien Kontseiluak egingo duen aurkezpen ofizialarekin eta, horren ostean, Kaitin Allende umoregileak bakarrizketa bat egingo du. Gainontzeko egunetan, "herritartasuna integratzea" helburu duten jarduerak prestatu dituzte, eta "adin guztietako herritarrak" gonbidatu nahi izan dituzte egun horietako ekintzetan parte hartzera ez dutelako nahi belaunaldien arteko "hesirik jartzea". Urriaren 1ean amaituko da egitaraua, "Iturbide egoitzako erabiltzaileekin belaunaldien arteko ibilbidea eginez, manifestua irakurriz eta Arantxa Urretabizkaia idazleak Zergatik lotsatzen gaitu zahartzeak? izeneko hitzaldia emanez".
Udalaren laguntzarekin
Bosgarrenez egingo dute Pertsona Nagusien Astea, eta oraingoan ere Arrasateko Udalak gertutik lagundu nahi izan die egitaraua sortzen aritu direnei. Jasone Giraldok, Arrasateko Ongizate Zinegotziak adierazi du "euren beharrak poliki-poliki erantzuten" joan direla Udaletik, eta "bidelagun" izaten jarraitu nahi dutela.
Aste osoko egitaraua prestatu dute
Irailak 27, egubakoitza
- 17:30ean, Kulturateko areto nagusian, egitarauaren aurkezpena Arrasateko Nagusien Kontseiluaren eskutik eta Kaitin Allenderen monologoa.
Irailak 28, zapatua
- 19:00etatik 21:00etara, Herriko Plazan, belaunaldiarteko kapelen desfilea Epsilon taldeko musikariekin. Ondoren, urdaiazpiko dastaketa.
Irailak 29, domeka
- 12:30ean, Herriko Plazan, bermuta eta dantzaldia, Joselu Anaiak taldearen eskutik.
Irailak 30, astelehena
- 12:00etan, Herriko Plazan, pentsiodunei aitortza eta, ondoren, luntxa.
Urriak 1, martitzena, Persona Nagusien Nazioarteko Eguna
- 11:00etan, Iturbide egoitzan, belaunaldiarteko ibilaldia Iturbideko egoiliarrekin eta txistulariekin.
- 17:30ean, Kulturateko areto nagusian, aurreskua eta manifestua irakurtzea.
- 18:00etan, Kulturateko areto nagusian, Arantxa Urretabizkaiaren hitzaldia, Udal Bibliotekarekin elkarlanean: Zergatik lotsatzen gaitu zahartzeak?. Ondoren, luntxa, Arrasate Musikaleko musikariekin.