Merkatariak izan dira goiztiarrenak. Ibai-Arteko kideek denda aurrera atera dituzte stock-ean dituzten gauzak, prezio esanguratsuetan. Oinetakoak, arropak, osagarriak, etxerako gauzak, umeendako arropak eta oinetakoak, eskolarako gauzak... horiek guztiak erosteko aukera izan dute herritarrek. "Herritarrak Merkemerkauaren zain egoten dira", esan du Ibai-Arteko presidente Jabi Indak.
Herritarrak maukak begiratzen eta erosten zeuden bitartean, Eskola plazara ekimena hasi dute Herriko Plazan. Trikigin lehiaketak bi osagai izan ditu: Arrasateko Trikiti Eskolakoen doinuak eta gin-tonic lehiaketa. Ikasturtea hastear, Trikiti Eskolakoek hainbat pieza jo dituzte: binaka, launaka, taldeka... Trikitiaren eta panderoaren laguntzarekin girotu dute plaza. Tarteka, kantuan ere egin dute.
Zortzigarren Trikigin lehiaketan lau taberna-jatetxek parte hartu dute: Ondare jatetxeak, eta Kajoi, Itzala eta Buenuena tabernek. Nork bere erara egin du gin-tonic-a, bere ukitu pertsonalekin. Maider Larrañara, Carlos Gonzalez de San Roman, Kepa Urteaga eta Bego Barreirok osatutako epaimahaiak, garbitasuna, prestaketa, itxura, originaltasuna, zaporea eta kolorea puntuatu ditu. Hala, gin-tonic onena Kajoi tabernako Alexek egin du.
Herriko Plazako ekimena bukatuta, herritar guztiak Portaloi aldera joan dira. Eguneko azken ekitaldian musika tradizionala izan da protagonista. Alaitz Rotetak, Gorka Vallek eta Hekhtor Folkek kontzertua egin dute. Trikitiaz gain, beste hainbat instrumentu erabili dituzte. Hekhtor Folkek alboka, panderoa, txalaparta, tronpa eta hainbat instrumentu berezi jo ditu.
Gaur, zapatua, Ad Libitum txarangak borobilduko du Merkemerkaua. Izan ere, Maiatzaren Bata Plazan hasita, emanaldi ibiltaria egingo dute eskoriatzarrek.