Europa mailako ekimena izan arren, Arrasaten ere gauzatuko dute Mugikortasun Jasangarriaren Astea. "Mugikortasun jasangarrirako plana berrikusten gabiltzan honetan, Mugikortasun Asteari bultzada bat eman, eta indar berriz osatzea nahi izan dugu. Horregatik, egitarauan, hainbat berrikuntza sartzeaz gain, ekimen zaharrak berreskuratu ditugu", adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.
"Lehentasun bat" izan da
Ekimen zahar horietako bat da, hain zuzen, Birzikleta Azoka eta hori berreskuratzea "lehentasun bat" izan da Udal Gobernuarentzat. Hala, irailaren 21ean, zapatua, egingo dute. Udaleko Ingurumen Saileko teknikari Rafa Ugartek azaldu duenez, bizikleta bat erostea nahi duenak, egunean bertan Azoka Plazara joan, gustukoena aukeratu eta eskudirutan ordaindu besterik ez du egin beharko. "Ordea, bizikleta bat saltzea nahi duenak, materiala dagokion egunean eta lekuan aurkeztu beharko du", azaldu du.
Saltzaileek, beraz, haien bizikletak Azoka Plazan entregatu beharko dituzte zapatu honetan, irailak 14, 11:00etatik 13:00etara. Era berean, datorren astean ere egongo da horretarako aukera, martitzenean eta eguenean, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
"Egoera onean" dagoen edozein material jasoko dutela gaineratu du Ugartek. "Edozelako bizikletak, mendikoak, paseokoak, errepidekoak, haurren bizikletak, trizikloak, kaskoak, abiadura-neurgailuak, gurpilak, eskularruak, maillotak...". Hori dela eta, eskatu du materiala "garbi eta egoera onean" eramatea eta "zentzuzko prezioa" ezartzea. Halaber, jakinarazi du ez dela jasoko patinik eta patineterik.
Beste hainbat hitzordu astean zehar
Bigarren eskuko bizikleta azokaz gain, beste hainbat ekintza ere egongo dira, gehienak bizikletari lotutakoak. Izan ere, Nerea Lazpiur programazioaren arduradunak nabarmendu du bizikletak "presentzia nabarmena" izango duela egitarauan, baina baita oinezkoen edota natur ibilbideen hitzorduek ere. "Berritasunen artean daude, esate baterako, DBH-1eko ikasleentzat antolatutako bizikleta ikastaroa, edota Hartzaren Urratsa ibilbide gidatua", dio.
Honako hau da egitaraua:
Irailaren 16tik 22ra. Herribusa doakoa aste osoan zehar.
Irailaren 16tik 20ra. Eskolara Oinez: Arrasate Herri Eskolara goizero oinez joateko ekimena, 2. eta 3. zikloko ikasleei zuzenduta eta Udalako Ingurumen Eskolako irakasleek gidatuta.
Irailak 17, martitzena. Helduek bizikletan modu seguruan ibiltzen ikasteko ikastaroa, 17:00etan Jose Maria Arizmendiarrieta plazan. Izen-emateak, hemen.
Irailak 19, eguena. Bizikletak konpontzeko tailer ibiltaria: Mugi txartel pertsonalizatua eta bizikleta eramaten dituzten guztiek bizikleta berrikusteko eta doitzeko doako zerbitzua baliatu ahal izango dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Biteri plazan 16:00etatik 20:00etara. Zozketak egongo dira Mugi txartelarekin.
Irailak 21a, zapatua. Birzikleta Azoka. Bigarren eskuko bizikleta azoka udal azokan, Mondragones kalean (11:00 - 14:00).
Irailak 22, domeka. Hartzaren Urratsa ibilbide gidatua: GR 289aren hirugarren etapa egingo da, Arrasaten hasi eta Leintz Gatzagan bukatuko dena. Bidea pasatuko da Bedoña auzotik, Urkulu urtegitik, Mendiola eta Bolibar auzoetatik eta Atxorrotz tontorretik. Aukera egongo da ibilbidea laburtzeko, hau da, Eskoriatzan amaitzeko (12,5 km). "Ez ahaztu Mugi txartela bueltarako", azaldu dute. Izen-emateak udal webgunean edo 943 25 20 00 zenbakian.
Iraila eta azaroa bitartean. DBH-1eko ikasleentzat bizikleta modu autonomo eta seguruan ibiltzeko ikastaroa.
Mugikortasun Planari buruzko azalpenak, auzoz auzo
Udalak otsailean ekin zien Mugikortasun Jasangarrirako Plana berridazteko lanei. Askotariko ekarpenak jaso ostean, plan berria idatzi dute eta, orain, herritarrekin partekatuko dute, "planaren ideia nagusiak ezagutarazi eta azalpen guztiak emateko". Ostean, herritarrek horien gaineko proposamenak egin eta erabakitzeko gaiak aztertu eta ekarpenak egiteko aukera izango dute, Etxeberriaren esanetan.
Horretarako, aurkezpenak egingo dituzte zinegotzi eta udal teknikariek auzoz auzo, urrian, honako data hauetan:
- Erdigunea - Urriak 7 - 18:00 - Jokin Zaitegi gelan.
- Uribarri-Erguin - Urriak 8 - 18:00 - Jubilatuen etxean.
- Baserri auzoak - Urriak 10 - 18:00 - Udaletxeko Pleno Aretoan.
- Santa Marina - Urriak 15 - 18:00 - Auzo alkatetzan.
- San Andres - Urriak 17 - 18:00 - Etxaluzen.
- Musakola - Urriak 21 - 18:00 - Jubilatuen etxean.