Aurrera Bolie Herri Ekimenak lanean jarraitzen du eta, beste urte batez, Aurrera Bolie Eguna antolatu dute. Horren berri emateko prentsa agerraldian, Larraitz Trojaola taldeko kideak nabarmendu du "jauzia" egiteko unean daudela. "Orain arte egindako ibilbidea eta irekitako aukerak aprobetxatu, eta aurrera urratsak emateko unean gaude". Gaineratu du "aldaketa bizien" garaia dela egungoa eta Euskal Herrian, oro har, eta Arrasaten, bereziki, aldaketa horietan ikuspegi ezkertiar eta abertzaletik eragiten ari dela herri ekimena.
Azken urteetan "esperantza berriak" erein dituztela azaldu du, eta elkarguneak eraikitzeko lanean aritu direla. "Erronka zahar-berriei beste ertz batzuetatik ere begiratu diegu eta gure proiektu politikoa elikatu dugu".
Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalean urratsak emateko baldintzak sortzen aritu direla ere esan du Trojaolak. "Orain, saiakera horretan jauzia egiteko unean gaudela uste dugu, eta hemen gaudenetako bakoitzak gure esparrutik pasioz eta gure onena ematen ekingo diogu ikasturteari".
Egitarau "aberatsa" prestatu dute
Egitarauari dagokionez, "aberatsa" dela azpimarratu du herri ekimeneko kideak. 12:00ean, ohi moduan, bermut politikoarekin hasiko dute eguna, Irati Topalekuan. Sortuko Kizkitza Gil de San Vicente, LABeko Iratxe Delgado eta Ernai gazte antolakundeko June Iartza elkartuko dira aurtengo leloari tira egin eta une politikoa, datozen erronkez zein mugimenduaren bilakaeraz aritzeko. Ordu berean, halaber, haurrendako jolasgunea jarriko dute Biterin.
Ondoren, auzolanean prestatutako bazkari herrikoia egingo dute, 14:30ean Biteri Plazan. Paella eta saiheskia txingarretan jango dute. Edozelan ere, aukera begetarianoa eta beganoa ere egongo dira, eta tiketa erosterakoan zehaztu beharko da hori. Tiketak irailaren 16a baino lehen eskuratu beharko dira Irati tabernan –enplegudunek 15 euro eta enplegu gabeek 10 euro–.
16:30ean, bazkaloste akustikoa izango dute, Aiert Alberdi musikari oñatiarraren eskutik. Bukatzean, 17:30ean, elkartasun argazkia aterako dute, Ibaitik itsasora Palestina askatu! lemapean. "Palestinan bizi duten egoera gogor eta onartezinaren aurrean, Euskal Herrian forma desberdinetan egin den elkartasun aktiborako deiarekin bat egingo dugu, elkartasuna erakusteaz gain, genozidioa amaitzearen beharra aldarrikatzeko helburuarekin".
Antton Telleriaren bakarrizketa ere izango da, 18:30ean, Irati Topalekuan. Umoregile tolosarrak irailaren 27an estreinatuko du Ninini emanaldia, eta Arrasaten egingo du aurre-estreinaldietako bat.
Azkenik, 22:00etan, kontzertuak egongo dira gaztetxean, eta Maniaks eta Nick Linbött talde arrasatearrek haien lehen diskoak aurkeztuko dituzte. Ondoren, DJ Bad Sound Sister izango da. Sarrera bost euro izango da eta gaztetxeko ateak 21:30ean zabalduko dituzte. Sarreren salmenta momentuan bertan egingo dute.
Gogorarazi dute, era berean, ez dutela inolako eraso sexista, homofobo, transfobo edota arrazistarik onartuko. "Dagokionari ardura hartzeko eskatzen diogu".
Emanaldi musikatua hilaren 25ean
Azkenik, Aurrera Bolie Eguneko eskaintza irailaren 25ean amaituko da. Hala, Intxorta Kultur Elkartearekin elkarlanean, Mikel Etxabururen Manttalingo alaba poema liburuan oinarritutako emanaldi musikatua egongo da Juan Arzamendi Musika Etxean, 19:00etan hasita.