Kalteen ostean, zabalik dago Arrasateko Txiki-Txokoa

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko ira. 2a, 14:46

Abuztuaren 26 eta 27 iluntzean "ezezagun batzuk" sartu ziren Txiki-Txokora, eta, besteak beste, aulkiak nahiz hormetako babesak apurtu, koltxonetak pilatuta utzi eta materiala lekuz mugitu zuten.

Kalteen ostean, berriro ere zabalik dago Arrasateko Txiki-Txokoa, baina material gutxiagorekin. Bi egun jarraian eragin dituzte kalteak "ezezagun batzuk"; lehendabiziko aldiz, abuztuaren 26an, iluntzean. Arrasateko Udalak adierazi du, jakin bezain laster garbitu eta hurrengo egunean zabaldu zutela Txiki-Txokoa, baina egun horretan berriro ere gauza bera gertatu zela. Egun horietan, besteak beste, aulkiak nahiz hormetako babesak apurtu, koltxonetak pilatuta utzi eta materiala lekuz mugitu dute.

Zerotik sei urte bitarteko haurrendako gunea da Txiki-Txokoa, baina Arrasateko Udaletik adierazi dute ikusi dutela eta erabiltzaileen gurasoek ere baieztatu dietela nagusiagoak ere sartzen direla, sarrera librea delako. Oraindik erabakirik hartu ez badute ere, kontrol-sistemaren bat jarriko dutela aurreratu du Arrasateko Udalak.

Inbertsioa urte amaierarako

Esan bezala, material gutxiagorekin zabaldu dute behin-behinekoz Txiki-txokoa, baina kalteen aurretik bazuten asmoa jolasak berritu eta berriak ekartzeko. "Ikusi dugu denboraren poderioz, materiala apurtu edo gastatzen joan dela. Gertatu baino lehen hori ikusita, aurrekontuetan areagotu genuen partida bat moldaketak eta berrikuntzak egiteko. Orduan, espero dugu urte bukaerarako sarrera-kontrolarekin batera, espazioa atondu eta guztiok gustura egoteko gune bat izatea", dio Arrasateko Udaleko Belaunaldi Arteko zinegotzi Gladys Fernandezek.

Era berean, dei egin die herritarrei kontzientzia hartu eta halako kalterik ez sortzeko: "Argi dago hau haurren eta gurasoen espazio bezala irudikatzen dugula, errespetua eta elkarlana sustatzeko gune bezala. Espero dut guztion zerbitzu bat denez, errespetuz eta elkarlanez lan egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak