Uztaila amaieran hasi zituzten entrenamenduak eta orduan izan zuten jokalariek lehen hartuemana entrenatzaile berriarekin. Abuztuko lehen bi asteetan atseden hartu zuten, jokalari gehienek orduan hartzen baitituzte oporrak. Halere, abuztuaren 19an itzuli ziren lanera, eta pixkanaka jokalariak batzen joan dira taldera. Xuban Epelde entrenatzaileak azaldu du joan den astean bigarren taldeko eta gazte mailako zenbait jokalarik entrenatu zutela eurekin, eta aste honetan batu direla ia jokalari denak entrenamenduetara.
Hiruzpalau jokalari izan dira taldea utzi dutenak, baina taldea osatzeko beste lau fitxaketa iragarri ditu Mondrak momentuz. Epeldek Marcus Osamwonyi, Luis Juaristi eta Ekaitz Albert ekarri ditu Azkoititik, eta aste honetan baieztatu duten azken fitxaketa izan da Mikel Aizpuruarena. Azken urteetan Beasainen jokatu ostean, berriz ere, Mondrako elastikoa jantziko du.
"Uste dut Ohorezko Erregional Mailan egon behar duen taldea dela Mondra; gutxienez, bere lekua horixe da. Hortaz, gure helburua da. Sailkapenean ahalik eta gorago geratu eta askoz hobe da.
Denboraldia irailaren 15eko asteburuan hasiko du etxean Oiartzunen kontra.